Anoetan, atez ateko bilketa sistemaren "inposizioa" salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 9a, 09:47

Tolosaldea Txukun plataformen koordinadoraren bozeramaile den Patxi Amantegik hitzaldia eman du Anoetan. «Udalak bizilagunei, zikinagoa, deserosoagoa eta garestiagoa den atez ateko bilketa sistema erabiltzera behartuko dieten inposizioa» salatu zuen.

Ehun bat herritar elkartu zirela adierazi dute, eta gaur egun edukiontzien bidez egiten den gaikako bilketaren alde agertu zen hizlaria. Hondakin organikoak biltzeko bosgarren edukiontzia hedatzea eskatu zuen «askoz erosoago eta garbiago» delako. Arlo honetan, mankomunitateak azken edukiontzi hori "zabaltzearen aurka duen jarrera" salatu zuen, eta horrela «gutxi birziklatzen dela argudiatu eta zintzilikarioak inposatu» nahi dituztela.

Atez atekoaren aurka Anoetako 455 bizilagunek "beraien sinaduren bidez izandako jarrera eta konpromisoa" eskertu zuen. Aldi berean, Bilduko udal gobernu taldeari «burbuila ideologikotik irten, begiak eta belarriak zabaldu eta bizilagunen eskaerei erantzun eta hondakinen bilketaren inguruko galdeketa egitea» eskatu zien.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!