Asteazkenean Jon Darpon sailburuarekin egindako bileratik «gustura» atera ziren eskualdeko alkateak
Eneko Maioz Orexako alkatea, Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Bakartxo Mendez Legorretako alkatea izan ziren agerraldian.
Tolosaldeko alkateak, Andoaingo eta Legorretako alkateekin batera, Tolosaldeko osasun zerbitzuaren inguruan hitz egitera joan ziren, pasa den asteazkenean, Jon Darpon osasun sailburua eta bere lantaldearengana. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila prest agertu da, eskualdeko osasun zerbitzuaren jarraipen mahaia osatzeko.
Eskualdeko alkateek hiru eskaera nagusi egin dizkiete sailburuari eta taldeko kideei. Batetik, 2011. urtean Osasun Sailak eskualdeko Asuncion ospitale pribatuarekin sinaturiko akordioaren balorazioa eskatu diete. Era berean, Tolosaldeko biztanleek jasotzen duten osasun arretaz hitz egiteko, mahai bat sortu nahi dute alkateek, jarraipena egiteko eta gauzak hobetzeko. Azkenik, 2011ko azaroan sinaturiko akordioaren aurreko egoerara itzuli nahi dute.
Bileran izandako alkateek «gustura» azaldu dute euren burua; hala nabarmendu dute, Ibai Iriarte Tolosako alkateak, Eneko Maioz Orexako alkateak eta Bakartxo Mendez Legorretako alkateak, egindako agerraldian: «Bilera bide positibo eta eraikitzailetik joan zen», azaldu du Ibai Iriarte Tolosako alkateak.
Izan, ere, Jon Darpon osasun sailburua eta bere lantaldea prest agertu dira eskualdeko osasun zerbitzuaren jarraipena egingo duen mahaia osatzeko. Asuncion ospitale pribatuarekin sinaturiko hitzarmenaren balorazioari dagokionez, berriz, jada eginda dagoela jakinarazi diete Osasun Saileko kideek alkateei; osatuko duten mahaia erabiliko dute horretaz hitz egiteko.
Dena den, Jon Darponek argi azaldu du egindako bileran, legealdi honetan ez dutela osasun azpiegitura berririk eraikiko, ez eta ospitalerik publiko egingo ere. Horrela, «lanean jarraitu behar da, eta pausoz pauso joan», Ibai Iriartek nabarmendu duenez: «Oinak lurrean ditugu, eta badakigu ez dela erraza izango ospitale publiko bat lortzearena. Lehenik eta behin, 2011ko azaroan hitzarmen hura sinatu aurreko egoerara itzultzea lortu nahi dugu. Horren ondoren etorriko dira beste helburuak».
Tolosaldeko alkateek ez dute, ordaindik, Jon Darponekin eta bere lantaldearekin egin beharreko hurrengo bileraren eguna zehaztu. Agerraldian, ordea, uda aurretik bilduko direla azpimarratu dute Tolosa, Orexa eta Legorretako alkateek: «Aurreko Osasun Saileko kideek baino borondate handiagoa erakutsi dute, eta bilera egiteko prest azaldu dira, beraz, uda aurretik biltzea eskatuko diegu. Gure helburuak lortzeko, berriz, ez dakigu zenbat denbora beharko dugun, epeez ez dugu hitz egin, baina esan bezala, borondatea erakutsi digute elkarlanean aritzeko».
Zerbitzu eta kudeaketa publikoa
2011. urteko azaroan, hitzarmena sinatu zuten Tolosako Asuncion klinikak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.
Ordura arte, Osakidetzak eskaintzen zituen mediku espezialisten kontsultak Tolosako espezialitateen anbulatorioan jasotzen zituzten, bai Tolosaldeko eta baita Legorreta eta Andoaingo herritarrek ere. Ospitale zerbitzuari dagokionez, berriz, erreferentziazko bi ospitale zituzten, ordura arte, herritar hauek: Donostia ospitalea eta Asuncion klinika.
Gaur egun, akordioaren ondorioz, Tolosaldeko osasun zerbitzuaren erabiltzaileek, Asuncion klinikan jasotzen dituzte mediku espezialisten kontsultak, eta ospitale zerbitzurako ere, Asuncion klinikara jo behar dute, nahitaez.
Ibai Iriartek, beren helburua aurreko egoerara itzultzea dela nabarmendu du: «Espezialitate guztiak Tolosako espezialitateen anbulatorioan egotea nahi dugu, eta Donostia Ospitalea, Asuncion klinikarekin batera, erreferentziazko ospitale izatea. Hitz batean, osasun zerbitzu publikoa nahi dugu, kudeaketa publikoaz».
Onkologikoa eta Kutxabank
TOPA koordinakundea ia larunbatero irteten da kalera, esku orriak banatu eta beren aldarriak plazaratzera. Larunbat honetan, ordea, sinaduren mahaia ohi bezala Trianguloa plazan jarri beharrean, San Frantzisko pasealekuko Kutxabank sukurtsalaren aurrean jarriko dute.
2012ko azaroan, Onkologikoa Fundazioak Madrilgo enpresa pribatu batekin zenbait akordio sinatu zituen, aholkularitza eta estrategia arrazoiak medio. Era berean, honen bidez, onkologikoaren kudeaketa ere kanpotik egitera pasa ziren.
Hau guztia salatuz, eta Kutxabankek auzi honetan «sakeoa» egin duela gaitzetsiz, 11:00etatik 12:00etara bitarte izango dira, bihar, San Frantzisko pasealekuan.