VI. Ñañarri Rallyesprinta apirilaren 20an korrituko da, eta Amezketako Udalak herritarrei hainbat mezu zabaldu dizkie, auto lasterketaren harira: «Rallyak Alegian izango du irteera, eta helmuga, Amezketan. Hori dela eta, Alegiatik Orendainerako eta Abaltzisketarako GI-3670 eta Amezketatik Abaltzisketarako GI-2133 errepideak ibilgailuentzat moztu egingo dira, 14:00etatik proba amaitu arte, gutxi gora behera, 19:00ak aldera arte. Segurtasun neurriak direla eta, derrigorrezkoa da».
Egun horretan, ordu tarte horretan, eta errepide zati horietan, ibilgailurik ezingo dela erabili aipatu dute udaletik. Bestalde, errekonozimendu saioak apirilaren 13an eta apirilaren 14an egingo dira 10:00etatik 20:00etara, eta apirilaren 19an 15:00etatik 20:00etara. Udaletik azaldu dutenez, «errekonozimendu probak ibilgailu normalarekin egiten dira, eta legez ezarrita dagoen abiadura gainditu gabe, hau da, egunero ibili behar den eran. Ohiko egun batean baino trafiko gehiago nabaritu daiteke egun horietan». Proba egunean larrialdiren bat izanez gero, SOS Deiak-era, 112 zenbakira deitu behar dela ere azaldu dute.