Bilbon etzi egingo den manifestaziora joatea eskatu dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 4a, 09:36

Xabier Lopez Peña euskal presoaren heriotza salatzeko, eta berriro gerta ez dadin eskatzeko, apirilaren 6an manifestazio nazionala deitu du Herrira-k. Mugimenduaren Tolosaldeko ordezkariek herritar guztiak mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte. Bilbora joateko autobusak jarriko dituzte eskualdean, eta izena ohiko lekuetan eman behar dela azaldu dute Tolosaldeko Herrira-tik. Alegian, adibidez, 15:15ean irtengo da manifestaziora joango den autobusa.

Deialdia egiterako garaian, euskal presoek egun bizi dituzten baldintzak salatu dituzte Herrira-tik: «Berriro gerta ez dadin. Ez dugu heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Lopez Peña eta Figueroaren heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina, sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko espetxeetan euskal presoek pairatutako jipoiak».

Mobilizaziora joateko eskatzeaz gain, Xabier Lopez Peñarekin gertatutakoa argitu eta «indarrean dauden salbuespen neurriak» etetea ezinbestekoa dela azaldu dute Herrira-tik.

Helburu horrekin, larunbateko manifestazioaz gain, beste hainbat ekimen antolatu dituzte Herrira-tik, Euskal Herrian barrena. Eskualdetik kanpo izan arren, «ahal duenari bertara agertzeko» eskatu diote Tolosaldeko ordezkariek: «Gaur, 12:00etan, elkarretaratzea egingo da Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean. Bihar, elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune, Maule eta Hasparnen egingo dira».

Azken ostiraleko datuak

Hileko azken ostiralean, euskal preso eta iheslarien alde elkarretaratzeak egin ziren eskualdeko herrietan.  Herrirak parte hartzearen datuak zabaldu ditu: «Alegian,14 lagun; Leaburu-Txaraman, 16; Tolosan, 50; Zizurkilen, 36; Anoetan, 27; Ibarran, 35; Berastegin, 26 eta Gaztelun, 11».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!