Urteroko moduan, haur eta gaztetxoei begirako tailerrak antolatu ditu, Pazko Astean, Tolosako Topic zentroak; aurten, marote motako txotxongiloei eskaini diete tailerra, eta panpinak sortzeaz gain, hauei bizia emateko behar-beharrezkoa den gorputz adierazpena ere lantzen ari dira, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak.
Tailerreko arduradunak azaldu duenez, «teknika berezi batekin mugitzen dira txotxongilo hauek, izan ere, panpina bera esku batekin heltzen da, baina gainerako mugimendu guztietarako norbere gorputz atalak erabili behar dira: bakoitzaren eskua txotxongiloaren eskua ere bada, eta gauza bera gertatzen da hankekin ere».
Pasa den asteartean hasi zen tailerra, eta 16 neska-mutil inguru ari dira saioetara joaten. Txotxongiloak sortzeaz harago, ordea, panpinen nortasuna asmatzen eta txotxongiloak mugitzeko gorputzarekin adierazten ere jardungo dira: «Pertsonaia nolakoa izango den zehaztu eta ondoren txotxongiloa egin beharrean, beti beste puntu batetik hasten gara, tailerreko saioetan barrena gertatzen diren gauzekin jolas egiteko», azaldu du arduradunetako batek.
Modu honetara, parte hartzaile bakoitza bere txotxongiloaren izaera definitzen aritu zen atzo, eta besteak beste, izena, bizilekua, afizioak eta antzekoak esleitu zizkieten eurek sortutako marote txotxongiloei. Gaur, pertsonaien aurkezpena egingo dute, pixkana istorio txikiak sortzeko.
Irudimenak ez du mugarik
6 urtetik 12ra, parte hartzaile batetik bestera, kolore, forma eta material askotako txotxongiloak sortu dituzte tailerreko neska-mutilek; panpin bakoitzaren izaera zehazterakoan ere, irudimenak ez du mugarik eurentzat.
Lagun berriak egiteko txokoa izan daiteke tailerra, baina bada arreba eta lagunekin joaten denik ere, Irurako Beñaten moduan. 7 urte ditu, eta txotxongilo estatubatuarra sortu du tailerrean: «Txotxongiloari gorputza egin diogu gaur, pertxa batekin. Orain, gure txotxongiloari buruzko gauza idazten ari gara».
Uxue arrebak, berriz, txotxongiloaren aurpegiera nabarmendu nahi izan du: «Haragi koloreko aurpegia egin diot, egurraren antzeko kartoi oso gogor batekin».
Bihar izango da ikastaroaren azken eguna, eta asko Topic zentrora itzuliko direla diote. Maddik, esaterako, 9 urte ditu, eta hirugarrenez parte hartu du Topic-eko tailerretako batean: «Hirugarren aldia da, eta asko gustatzen zait hona etortzea».
Aipatzekoa da, gainera, txotxongiloekin belaunaldien arteko harremana lantzeko tailerra atzeratu egin dutela; Pazko asterako aurreikusi zuten arren, behar baino jende gutxiagok eman du izena, eta beranduago ospatuko dute.
1tolosa@hitza.info