Abiaduraren erresuma estalia

Ataria 2013ko apirilaren 4a

Bakarka, binaka, zein taldean. Edozein modutara disfruta daiteke Tolosako Indoor Kartingak eskaintzen dituen aukerez. Abiadura, adrenalina, erreflexuak, eta emozioa, lau gurpilen gaineko koktel dibertigarrian nahasten dira, probatzen duten guztien gozagarri. Gidari trebea izan beharrik gabe, ondo pasatzeko gogoa eta abiadura gosea duen edonork, zabalik dauzka ateak, Artzabaltzan kokatutako zirkuituan.

Tolosako Artzabaltzan dago zirkuitua[/caption]

Lehendabiziko bistadizoan, inork gutxik imajinatuko luke pabiloi horren barruan karting zirkuitu bat dagoenik, baina barrura sartu eta inpresio ikaragarria egiten du zutabe artean eraikitako bihurgune laberintoa ikusteak. Bada, inpresio hori areagotu egiten da, kart batera igo eta bihurgune horien artean galtzerakoan. Horregatik dio Haritz Goikoetxea, kartingeko arduradunak, gero eta jende gehiago erakartzen duela euren zirkuituak, «behin probatu ondoren, harrapatu» egiten omen baitu kartingaren munduak.

2010eko maiatzean zabaldu zituen estreinakoz bere ateak Tolosako Indoor Kartingak, eta orduz geroztik hona, asko zabaldu eta hobetu du bere eskaintza. 200 zentimetro kubikoko kart-ak dauzkate, nahikoa eta soberan, bertako bihurguneak kontrolatu ahal izateko. 14 urtetik gorako edozein ibil daiteke hauetariko auto batean, gidabaimena eduki edo ez. Halaber, txikienek ere badute guzti honetaz gozatzeko aukera, izan ere, bi lagunentzat egokitutako kart-ak dauzkate erabilgarri, heldu batek gidatu, eta alboan haur zein pertsona ezinduek karting esperientzia lehendabiziko pertsonan bizi dezaten.

Prezio aldetik ere, edozein patrikara moldatzeko moduko salneurriak eskaintzen dituzte. Goikoetxeak jakinarazi duenez, euren politika «ez da jendeari dirua ateratzea», eta nahiago dute prezio merkeagoak jarri eta jende gehiago animatzea. Astelehenetik ostegunera bitarte, hamar minutuko txanda batek hamar euro balio du, eta bi plazako autoan 15. Asteburuetan, prezioak apur bat gora egiten du, eta ostiraletik igandera, 10 minutuko txandak 13 euro eta bi plazakoan 18 euro balio ditu.

Baina karting kontuetan arrakasta gehien lagunarteko lasterketek dutenez, txapelketa bereziak ere antolatzen dituzte, prezio bereziekin. Ostiral gauetan, banakako lehiak antolatzen dituzte, eta larunbatetan, aldiz, taldekakoak, erresistentziakoak. Igande goizetan, bestalde, haurrentzat gidatzeko ikastaroak ematen dituzte. Goikoetxearen hitzetan, «honelako ekimenek gero eta jende gehiago erakartzen dute, eta probatzen duten guztiak oso sentsazio onarekin ateratzen dira».

Baina, motorraren burrunbaz gozatzeaz gain, Artzabaltzako zirkuitua ongi prestatuta dago goiz edo arratsalde eder bat pasatzeko, izan ere, taberna txiki bat ere badaukate jendearen itxaronaldiak samurtzeko. Futbolinarekin edota billarrarekin tartekatu daitezke kart-en joan etorriak.

Ospakizunak bertan

Jendearen eskariei jaramon eginez, Tolosako Indoor Kartingean egun guztiko ospakizunak ere antolatzen dituzte, hala, urtebetetze, ezkon aurreko festa, enpresa bazkari edota lagunarteko edozein ekimen gurpil gainean ospatu ahal izateko. Kartingean mota guztietako lasterketak egiteaz gain, paintball partida bat jokatu eta sagardotegi edota jatetxeren batera eramaten dituzte bezeroak bazkaltzera, autobus zerbitzua barne. «Egun borobila pasatzeko aukera, beste ezertaz kezkatu beharrik izan gabe», azaldu du Goikoetxeak.

Bazkide egiteko aukera

Karting zirkuituari behar bezalako etekina atera ahal izateko, bazkide egiteko aukera ere eskaintzen dute bertan. Urtean 50 euroko kuota ren truke, Tolosako Indoor Kartingean beherapenak izateaz gain, motor munduan bestelako eskaintza bereziak ere izango ditu bazkideak. Hala nola, Gasteizko eta Logroñoko karting zirkuituetan 5 euroren truke egin ahal izango da txanda bakoitza, eta norbere autoaren mantenurako ere «prezio ezin hobeak» eskainiko zaizkio bezeroari, Goikoetxeak esan duenez. Informazio gehiagorako, zabalik dute euren webgunea, www.tolosaindoorkarting.com atarian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!