«Langileen itxaropenarekin jolastu nahi dute euren helburua lortzeko»

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 4a, 00:46

Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko beharginek hilerri bat irudikatu dute lantegiaren atarian

Huyck Wangner metalgintzako konpainiaren eta Zizurkilgo langile batzordearen arteko negoziazioetan ez dago akordiorako bidea irekitzen duen aldaketarik. Perot zenaren 73 langile kaleratzeko bigarren dosierra aurkeztu zuenetik bigarren bilera zuten herenegungoa, legeak arautzen duen negoziazio epearen barruan, eta langileek adierazi dutenaren arabera, «enpresak ez du adostasunerako inolako borondaterik erakutsi, ez baitago aldaketa sakonik euren planteamenduan».

Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak azaldu moduan, Zizurkilgo lantegiaren bideragarritasunaz hitz egitea zen herenegungo bileraren xedea. Hala, konpainiak lantegia ixteko «arrazoi objektiboak» dituela dioen bitartean, langileek «arrazoi subjetiboak» dituztela diote, «zenbakiei begiratuta konpainiak Europan dauden lau lantegietatik zenbakirik txukunenak dituena Zizurkilgoa baita».

Bestalde, enpresak Italian eta Austrian dituen plantetan Zizurkilgo 13 langilerentzako lanpostuak dituela, eta lan poltsa ere aipatu du. Horren aurrean, lehen ere 8 langilerentzat gauza bera eskaini zutela, eta orain 13ra igo dutela azaldu du Zabaletak. «Zizurkilgo lantegia bideragarria bada, ez dute inor Austriara bidali beharrik, eta gutxiago gainerakoak kalean utzita». Era berean, enpresak lan poltsa aipatzen duenean, mundu mailakoa dela ez duela azaldu gaineratu du Zabaletak: «Urte bateko epean lanposturen bat sortuko balitz, esaterako Japonen edota Kanadan, hara joateko aukera emango diotela langileei adierazi dute». Bada, ez bata ez bestea ez zaizkio langile batzordeari irtenbidea iruditzen.

Mikel Zabaletak adierazi duenez, «horrelako proposamenekin langileei iseka egiten diete, eta benetako borondaterik balego lantegia irekita edukitzea guztiz posible litzateke». Alde horretatik, enpresak langileekin duen jarrera salatu dute: «Enpresak Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratu behar zuela prentsaren bidez jakin genuen, eta baita bigarren espedientea jarri behar zuela ere; jendearen itxaropenarekin jolastu nahi dute euren helburua lortzeko».

Amore ematetik urrun, mobilizazioekin jarraitzeko «asmo irmoa» hartua dute langileek «orain arte eskaintzen dutenarekin ez baitago ezer galtzeko». Larunbatean Tolosako Trianguloan elkarretaratzera deitu dute, 11:00etan, Euskal Herriko Itzulian aldarrikapena egingo dute, eta hilaren 11n Gipuzkoako Batzar Nagusietan izango dira agerraldia egiteko.

Hurrengo bilera

Bestalde, bigarren espedientearen barruan egingo duten hirugarren bilera hilaren 12an izango da, 12:00etan, Donostiako Precon, sindikatu eta enpresaburu konfederazioen arteko elkarrizketa eta topaketa gunean. Langile batzordeak eskatu zuen aurrekoak ere bertan egitea, baina enpresak ez zuen onartu, eta Donostiako hoteletan egin ziren. Herenegungo bilera egiten ari zirela protestetan tentsioa «areagotu» egin zen, eta ondorioz, bertan behera utzi beharra izan zuten bilera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!