Barraskilo lasterrenen asteburua

Ataria 2013ko apirilaren 3a

Hirugarren urtez, karakolei eskainitako Aste Santua izan da Tolosan; karakolen lasterketak bildu du ikusle gehien, Trianguloa plazako karpan.

Karakolak saltsan egitasmoaren barruan, gastronomiari begirako jarduerak antolatu dituzte aurten ere. Horrela, pasa den larunbatean, Astelena eta Botarri jatetxeetako arduradunak aritu ziren, karakol mokaduak banatzen; eguerdi aldera eguraldia kaskartu zen arren, bertakoek nahiz bisitariek gozatu zuten larunbataz.

Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek karakolen saltsa prestatzeko sekretuak azaldu zituen Trianguloan bertan: «Tomate saltsa arruntarekin prestatu behar da errezeta. Hala ere, garrantzitsuena, karakolak jaso eta bi hilabetez lehortzen jartzea da; gero, prestatu baino egun batzuk lehenago, gatzarekin eduki behar dira, mukia aska dezaten».

Larunbat goizeko mokadutxoarekin batera, ordea, Tolosako hirugarren karakol lasterketak arrakasta izan zuen. Hainbat haur eta gaztetxok etxetik eraman zituzten barraskiloak, eta entrenamenduetan aritu zenik ere izan zen; beste parte hartzaile batzuek, aldiz, nahiago izan zuten karakolak gosetuta eraman, lasterketa hasitakoan letxugaren atzetik azkarrago joan zitezen.

Hiru txanda burutu zituzten hasieran, eta hango sailkatuekin final erdiak burutu zituzten. Azkenik, hiru karakol azkarrenek jokatu zuten finala: Txispi, Karolina eta Txungi barraskiloak izan ziren. Horrela, Altzoko Norak irabazi zuen Txindokiko Itzala parkean erabiltzeko 50 euroko txartela, Karolina karakolarekin lehiaketa irabazi eta gero; bigarren postuan, berriz, Aimar tolosarra sailkatu zen, Txungi barraskiloarekin, eta Tolosa & Co elkarteko dendetan erabiltzeko 50 euroko txartela eskuratu zuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!