Jokin Alkizaletek aurrera egin du urrezko mailan

Ataria 2013ko apirilaren 3a

2013 Eusko Label Banakako Aizkora Txapelketaren aurre kanporaketa jardunaldia jokatu zen iragan larunbatean Bilbon. Asteasuko Jokin Alkizalete gaztea bertan egon zen, urrezko mailan. Guztira, Areatzan, hamar aizkolari aritu ziren lehian, eta hauetatik bik bakarrik zuten aurrera jarraitzeko txartela eskuratzeko aukera. Hiru txanda gainditu ondoren, Alkizalete II.ak urrezko aizkolarien lehian jarraitzeko postua irabazi zuen, Aitor Urteagarekin batera.  

Hamar aizkolariak hiru taldetan banatu zituzten, eta elkarren artean kanporaketak jokatzen ibili ziren. Jokin Alkizaleteri A taldean jokatzea tokatu zitzaion, Eneko Otañorekin eta Julen Larrearekin batera. Hiru hauetatik bigarren fasera bi pasatu ziren. Lehen lehia galdu egin zuen Alkizalete II.ak, Eneko Otañoren aurka. Azken honek 22 segundoko aldea atera zion asteasuarrari. Otañok Larrea III.a ere gainditu zuenez, bi galtzaileen arteko lehian erabaki zen aurrera nork jarraitu. Kasu honetan, Alkizalete II.a izan zen nagusi, Julen Larreari 11 segundo atereaz.

Bigarren fasean, zortzi aizkolari aritu ziren lehian. Kanporaketa zuzenak izan ziren, hau da, nor baino nor aritu ziren, eta irabazleak aurrera egin zuen. Jokin Alkizaleteri Xabier Garciaren aurka lehiatzea tokatu zitzaion. Asteasuarrak lan guztiak amaitzeko 3 minutu eta 12 segundo behar izan zituen. Aurkariak, Utxu-k, 4 minutu eta zazpi segundotan amaitu zuen egin beharreko lana. Denborak alboan jarrita, asteasuarrak lortu zuen azken faserako txartela.

Hirugarren eta lehia erabakigarrian, ezagun zahar bat topatu zuen Alkizalete II.ak: Eneko Otaño. Bi aizkolarien artean lehia gogorra aurreikus zitekeen, lehen proban Otaño izan baitzen nagusi. Lana, ordea, luzeagoa zen eta asteasuarrak ederki probestu zuen aukera hori. Jokin Alkizaletek 4 minutu eta 28 segundotan gelditu zuen erlojua, eta Otañok 5 minutu eta 16 segundotan. Garaipen horri esker, aurrera jarraitzeko txartela eskuratu zuen asteasuarrak.

Hurrengo kanporaketak

Banakako urrezko aizkolarien hurrengo jardunaldiak asteburuan jokatuko dira, eta eskualdeko ordezkari ugari egongo dira lehia hauetan. Larunbatean, hilaren 6an, Zerainen antolatu dute aizkora jaialdia, 19:00etan. Kanporaketa honetan ondorengo aizkolariak arituko dira lehian: Irazu, Beltza, Dorronsoro, Esnaola, Goñi, Kañamares, Agirre, Urteaga, Pellejero, Sakana, Jauregi eta Zaldua. Proba hau ETBk eskainiko du.

Hurrengo egunean, hilaren 7an, txapelketako beste kanporaketa jokatuko da Bilbon. Jokin Alkizalete bertan egongo da, eta ondorioz, asteasuarrak berriro Bizkaiko hiriburura bidaiatu beharko du. Lehia Santutxun izango da, 12:00etatik aurrera. Alkizalete II.arekin batera ondorengo hamaika aizkolariak egongo dira bertan: Irazabal, Eneko Saralegi, I. Vicente, Resano, D. Vicente, Mugertza III.a, Telletxea, Kintana, Llano, Juan Rodriguez eta Jon Rodriguez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!