Oroitzapenak gordetzeko bidean

Tolosaldeko Ataria 2013ko api. 3a, 10:28

Ia 9.000 gipuzkoarren oroitzapenen lapurra da Alzheimerra. Ia beste 28.000 pertsona ari dira gaixoen zainketa lanetan. Eta gutxinaka zenbaki hauek handitzen joango direla dio AFAGI, Gipuzkoako Alzehimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak. Askoren oroitzapenak, beraz, arriskuan dira.

Arazo honen garrantziaz larrituta, La memoria es el camino izeneko proiektua jarri zuten martxan Guillermo Nagore kazetari nafarrak eta CEAFA, Alzheimerdun eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen Elkarteen Espainiako Konfederazioak.

Gaixotasun honen inguruko estatu politika bat eskatzea helburu zuela, Finisterretik Jerusalemerako bidea egin zuen Nagorek oinez joan den urtean.

Estatu politikaren ezaugarriak

Gaixotasunak berak, eriei eta zaintzaileei eragiten dizkieten zailtasunak ekidin edo gutxitzeko plan integral bat egitean datza Alzheimerraren inguruko estatu politikak.

Ikerketarako baliabideak handitu eta hobeto kudeatzea, zaintzaileak heztea, gaixoak zaintzeko leku bereziak sortzea... Nagoreren esanetan, puntu asko jorratzen ditu planak, baina horiek euren proposamenak besterik ez dira. «Hau ondoren, CEAFA eta gobernuaren artean adostu beharreko kontua da».

Aurrekontuari begiratu gabe, osasun planetan «lehentasun» izan beharko lukeela dio Nagorek gaixoez gain, zaintzaileei ere eragiten baitio Alzheimerrak: «Estatu Batuetan plana onartu zutenean Obamak, larrialdi nazionala zela esan zuen. Guretzat ere bada. Gaixo asko dago, eta diagnostikoa garaiz eginda, eragina atzeratu daiteke. Baina batez ere zaintzaileei eragiten die. Familiarteko askok lana utzi behar izaten dute 24 orduko zaintza eskatzen duelako, ez daude behar bezala prestatuta, eta psikologikoki oso gogorra da».

Babes bila

Finisterre eta Jerusalem banatzen dituen 7.000 kilometroko ibilbidea «presio soziala egin eta babesak bilatzeko» erabili zutela aitortu du Nagorek.

Azken hilabetean Tolosaldean aurkitu dute laguntza hori, izan ere, eskualdeko zortzi udalek, aho batez erabakita, bat egin dute euren eskakizunekin: Larraul, Abaltzisketa, Asteasu, Aduna, Zizurkil, Alkiza, Belauntza eta Tolosak, hain zuzen.

Dena den, lehen helmugara iritsi baziren ere, bidea ez da amaitu, eta lanean jarraitzeko asmoa dute: «Enpresa eta kirol mundura zabaldu nahi dugu; ikastaroak eta hitzaldiak eman; ikastetxeetan unitate didaktikoak sortu... ». Hori guztia, oroitzapenak leku seguruan gordetzeko helburuarekin. Memoria baita bidea.

Guillermo Nagore · Kazetaria

«Zorteduna naiz esperientzia hau bizi izanagatik»

Bederatzi hilabete t’erdi. 7.050 kilometro. Hamabi herrialde. Oinez gehienak. Autobusez, trenez edota bizikletaz beste asko. Eta bidean, milaka istorio harrigarri. Finisterretik Jerusalemera kontakizun guztiak jasotzeko aukera izanagatik pribilegiatu sentitzen da Guillermo Nagore.

Nola definituko zenuke bidaia?

Zentzu guztietan, sekulako esperientzia izan da. Alderdi pertsonalean, egindako ibilbidea ederra izan da. Alzheimerrari dagokionez, jende askorekin hitz egin eta istorioak biltzea guztiz aberasgarria izan da. Profesionalki, kazetari naizen ikuspuntutik, berria izan da niretzat, batez ere, sare sozialak erabiltzea. Finean, bizitako esperientzia hau opari bat izan da niretzat, eta opari hori izanagatik pribilegiatu hutsa naiz.

Merituko pribilegiatua...

Ez dut gehiegizko apaltasunean erori nahi, baina benetako meritua ez dut nik; ni horrelako esperientzia eder batean murgilduta nengoen bitartean, gaixoak zaintzen ibili direnek dute benetako meritua.

Zer nolako erantzuna jaso zenuen gertukoengandik zure asmoak azaldu ondoren?

Imajina dezakezu. Erotuta nengoela esaten zidaten. Baina ondoren laguntza besterik ez dut izan.

Prestakuntza berezirik izan al duzu?

Ez. Gustatuko litzaidake gehiago prestatu izango banintz, baina ez dut astirik izan. Bidaiaren antolaketan ibili ginen buru-belarri. Ez du itxura hori ematen, baina, bideak ere ez du aparteko esfortzu fisikorik eskatzen. Egunean 25-30 kilometro egiten nituen. Ariketa mentala handiagoa da.

Dena den, fisikoki une zailak bizi izan zenituen...

Bai. Oinak oso egoera txarrean nituen, eta aste pare batez asko sufritu nuen. Azkenean, Sarajevon nintzela oinez ibiltzeari utzi nion, eta Tel Avivera bitarte, autobusez, trenez eta bizikletaz jarraitu nuen bidea. Handik aurrera berriz hasi nintzen ibiltzen helmugara iritsi arte.

Zer izan da bide osoan zehar gehien gustatu zaizuna?

Uneoro aurkitu dudan elkartasuna, dudarik gabe. Italian nintzela adibidez, ezagutzen ez nuen, baina sare sozialen bitartez egiten ari nintzenaren berri zuten askori esker, ia egunero jan eta lo doan egiteko aukera izan nuen. Eta hori adibide bat besterik ez da.

Eta jaso dituzun kontakizunetatik, zein izan da gehien hunkitu zaituena?

75 urteko gizon asturiar batena. Adin horrekin gimnasiora joaten hasi zen pisuak altxatzera. Gauza da, bere emaztea oso egoera txarrean zela ohean Alzheimerrak jota, eta hura altxatzeko indarrik ez zuela. Bost urtez egunero joan zen, harik eta emaztea hil eta joateari utzi zion arte.

Berriz egingo zenuke horrelakorik?

Ez dakit. Orain  proiektuaren helburuak lortzean pentsatzen dut. Hala ere, ez dut alde batera uzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!