Oria eta Araxes ibaiak beste itxura bat hartzen hasiko dira hemendik aurrera. Izan ere, Uraren Nazioarteko Egunaren ospakizunetan murgilduta, bi ibai hauetako flora inbaditzailea erradikatzeko lanak martxan jarriko dituztela adierazi dute eskualdeko udalek.
Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzen agentziako udal saileko arduradunak esan duen moduan, Goierrin hasi zituzten lanei eskualde moduan erantzun nahi izan diete arazo honen aurrean: «Herri batek bere lana egiten ez badu, gainontzekoen lanak ez du ezertarako balio». Modu horretan eskualdeko ibar-basoa egoera onean mantentzeko konpromisoa sendotu nahi dute.
Lanak apirilaren erdialdean hasiko dira. Lehenagotik, espezie inbaditzaile horien eragina ezagutzeko lanetan ibili dira, eta hauek hartzen dituzten eremuekin kartografia bat burutu dute. Identifikatu dituzten espezieak lau dira: Fallopia japonica, Buddleja Davidii, Cortaderia Selloana eta Heliantus Thuberosus.
Ezer egin ezean, espezie hauek izan dezaketen indarraz ohartarazi du Mendizabalek: «Oso azkar barreiatzen dira, eta bertako landareei ez diete hazten uzten. Ondorioz, espezie autoktonoak hil egiten dira». Ibar-baso horiek urarentzat ere kaltegarriak izan daitezkeela gaineratu du, landare autoktonorik ezean, uholdeak erraztasun gehiagoz eragiten baititu.
Bigarren helburu bat ere izango du proiektu honek. Izan ere, landare hauen erauzketa lanetan identifikatu ditzaketen beste espezie batzuekin beste kartografia bat egingo dutela jakinarazi du Tolosaldea Garatzeneko teknikariak: «Badaude inbaditzailetzat jotzen ez diren landareak, eta horiek ez zaintzeagatik, eta utzikeriagatik, asko hazi eta inbaditzaile izaten amaitzen dutenak. Horregatik, horiek zaindu eta kontrolatuko dituzte».
Gainera, landare inbaditzaileak kentzea bezain garrantzitsua izaten da errestaurazio lana, bereziki ibai ertzeko habitat naturalarena; beraz, Tolosaldeko habitat naturalaren errestaurazio ekologikoa eta erregenerazioa aurrera eramango dute espezie berriak landatuz.
Proiektuarekin apirilaren erdialdean hasiko badira ere, «epe luzeko lana» izango dela adierazi du Mendizabalek: «Luzarorako lana da. Emaitzak beranduago ikusiko dira, espezie berriak ez baitira egun batetik bestera hazten. Gainera, ondoren, egindako lanak jarraipenik ez badu, ez du balio, beraz, aurrerantzean ere lanean jarraitu beharko dugu».
Proiektu honetan eskualdeko 28 udalerriek parte hartuko dute, baina urte honetako lanak Ikaztegieta, Baliarrain, Altzo, Alegia, Leaburu, Lizartza, Orendain eta Tolosako lur eremuetan burutuko dira, Oria eta Araxes ibaietako uretan.
Tolosa Garatzenek koordinatuko ditu lan guztiak, eta Aranzadi elkartearen laguntzaz burutuko dituzte garbiketa lanak. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak emango ditu, eta URA Uraren Euskal Agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jasoko du.
Sentsibilizatu beharra
Garbiketez gain, oraindik zehaztu ez diren beste hainbat ekintza antolatu nahi ditu Tolosaldea Garatzenek, herritarrak sentsibilizatze aldera. «Ez dago informazio asko horrelako arazoen inguruan eta beharra dago. Gainera, espezie inbaditzaile asko jabego pribatuetako eremutan sortzen dira, eta horien jabeak ohartaraztea beharrezkoa iruditzen zaigu» azaldu du Mendizabalek.
Horretarako, hitzaldiak, garbiketa kanpainak eta eskoletan tailerrak egitea aurreikusi dute. Hurrengo asteetan zabalduko dute informazio gehiago.