«Mila eratara saiatzen dira gu izorratzen, baina barruan kolektiboa indartsu dago»

Ataria 2013ko martxoaren 28a

Hiru urte eta bi hilabete pasa ditu Pello Olano lizartzarrak espetxean; «bahituak, baina inola ere ez garaituak», zehazten du. Une latzak bizi izan ditu barruan: amaren heriotza, inkomunikazioa, dispertsioaren ondorioak... baina patuaren beste aldea ere ezagutu du, Jose Mari Sagardui Gatza-rekin gertatu zitzaiona, horren adibide.

Pello Olano martxoaren 12an gelditu zen aske, fidantzapean. Lizartzara iritsi orduko, berak eta bere familiak jasotako elkartasuna eskertu zuen. Bi aste pasa diren honetan, oraindik gauza bera eskertzen jarraitzen du, elkartasun horren esanahiaren adierazle.

Zure kasuan, atea bota edo tinbrea jo zuten atxiloketa unean?

Tinbrea jo zuten, gauerdian. Bikoteak ireki zuen atea, eta ea Pedro Mari Olano bertan bizi zen galdetu zioten. Hori entzutean, baietz esan nien. Orduan, guardia zibilak zirela eta ni atxilotzera zetozela esan zidaten.

Miaketek zenbat denbora iraun zuten?

Lehenik gure etxea miatu zuten, goitik behera, eta ondoren, 02:00ak aldera, amonaren etxera eraman ninduten, eta hura ere miatu zuten. Zorionez, amona ez zegoen bertan, klinikan baitzen. Ordurako, prentsa bertan zegoen.

Ondoren, Madrilerako bidaia.

Lehendabizi Donostiara eraman ninduten, mediku frogen protokoloa egitera. Ondoren hasi zen Madrilerako bidaia. Bide guztia biderketak egiten joan nintzen, eta nahastu edo gelditzen banintzen, kolpeka hasten zitzaizkidan.

Noiz jakin zenuen zure aurka zer zuten?

Hasieran Batasunaren edo ezker abertzalearen aurkako operazioa zela pentsatu nuen. Galdeketetan, ordea, erakundekoa nintzela eta bazekitela non ibili nintzen esaten zuten. Izugarrizko muntaia osatuta zuten; Aznarren aurkako misilen kontua, adibidez, hor esan zidaten.

Inkomunikazio garaiko bost egunetan tortura salatu zenuen.

Gogorra izan zen, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Paula bikotekidearen inguruko galdeketak... gero, poltsa hamabi edo hamalau aldiz jarri zidaten bi edo hiru egunetan. Eskuak atzean lotu, eta manta batean bilduta lurrera botatzen ninduten. Bost edo sei nire gainean jarri eta poltsa jartzen zidaten. Pare bat aldiz mareatu nintzela uste dut, baina puntu horretara iristen ari nintzela ikusten zutenean, poltsa kendu eta kantatzeko eta kantatzeko esaten zidaten.

Inkomunikazio garaian ez jatea erabaki zenuen, ezta?

Lehen ere inkomunikazioa birritan ezagutu nuen, eta oraingoan, torturatua izango nintzela pentsatuz, ez jatea erabaki nuen. Horrela, indar gutxiago edukiko nuen torturak jasateko, eta errazago eroriko nintzela pentsatzen nuen, torturak ere gutxiago izango zirelakoan. Baina asko ikasi dutela konturatu naiz.

Zein zentzutan?

Lehen hamar egunetan egiten zutena orain bostetan egiten dute; hobeto eta markarik utzi gabe gainera. Prestatuago daude. Hala eta guztiz ere, nire kasuan, urte t’erdi egon naiz besoko minarekin. Poltsa jartzen zidaten bitartean, nire gainean jartzen ziren, eta besoa gaizki utzi zidaten.

Medikuarengana eraman al zintuzten?

Forentsea edo egoten zen, baina zerbait esanez gero, gezurretan ari zinela esaten zizun.

Sona handia izan zuen misilen kontua aipatu duzu lehen.

Beraiek esaten dute dena, baita zer sinatu behar duzun ere. Poliziaren aurreko aitorpena sinatzera, gora joan behar duzula esaten dizute, eta ez baduzu sinatzen, oraindik bi egun gelditzen zaizkizula gogoratzen dizute, eta beheran badakizula zer dagoen.

Nola gogoratzen duzu bost egun haien amaiera?

Beti esaten dena, eta errealitatea dena: inkomunikaziotik espetxera pasatzea, zerura joatea da. Hilabete t’erdi egon nintzen Soton bi kiderekin, eta zerua zen.

Ondoren, Jaenera eraman zintuzten.

Bi urte pasa nituen bertan, lehen urte t’erdia isolamenduan. Hamar kide geunden Jaenen. Goizean bost ateratzen ginen, eta arratsaldean besteak; elkar ikusten ez ginela. Jaenera joatean izugarrizko ezustekoa hartu nuen, espetxean denbora gehien igaro duen Gatza han baitzegoen.

Lehendik ezagutzen al zenuen?

80. hamarkadan elkarrekin egon ginen Carabanchelen, eta 30 urte beranduago, berriro elkartu ginen. Kasualitate handia eta poz handia izan zen. 30 urte eta bederatzi hilabete espetxean pasa ondoren, aske gelditu zen Gatza, hain justu, semeak urteak egiten zituen egun berean, apirilaren 13an.

Txanponaren beste aldea, amaren heriotzarekin ezagutu zenuen Jaenen.

Bi urte egingo ditu maiatzaren 17an. Asteazken batean esan zidaten, txapeoa egiten ari baikinen. Moduluan, Josu Ziganda eta biok ginen, eta bera instantziak sartzera joan zen; ni, berriz, biontzat gosaria hartzera. Itzuleran, ama gaixo al nuen galdetu zidan, eta segidan, hil egin al zen galdetu nion. Erabat galduta gelditu nintzen.

Lizartzara orduan ekarri zintuzten.

Bai, horrela da. Bazkari garaian deitu nuen etxera, eta baietz, bezperan hil zela esan zidaten. Paperak egin eta furgoneta batean herrira abiatu ginen; bidean zortzi edo hamar aldiz mareatu nintzela gogoratzen dut. Arratsaldean iritsi ginen Logroñoko espetxera, eta 20:30ak arte bertan eduki ninduten denbora egiten. Hileta 19:00etan zen. Bidean galduta eta abar ibili ondoren, Lizartzara 22:00etan eraman ninduten. Etxean 30 minutu egon eta buelta. Oso gogorra izan zen amarena.

Askatu eta herrira iritsi zinenean, hitza bete zenuen.

Askatzen nindutenean, lehendabizi hilerrira joango nintzela esan nuen, eta horrela egin nuen. Lore batzuk utzi, negar egin, eta herrira.

Jaendik Murtziara eraman zintuzten, eta hortik kalera. Espero al zenuen?

Ez nik eta ezta abokatuak ere; izugarrizko ezustekoa izan zen. Paulak deitu zidan telefonoz, eta aske gelditzen nintzela esan zidan. Ez nion sinetsi fidantzarena aipatu zidan arte.

Soto, Jaen eta Murtzia. Barrutik nola bizitzen da dispertsioa?

Bai onena, eta baita txarrena ere, asteburua izaten da, nire ustez, kide guztiontzat. Alde batetik, senideekin eta lagunekin egoten zara, eta izugarrizko poza da hori, baina bestetik, bidaiak daude; milaka kilometroko joan-etorriak. Bisita amaitu eta ziegara itzultzean, burua jaten egoten zara, itzulera nola joan ote den galdezka. Hurrengo egunean egiten den lehendabizikoa telefonoz deitzea da, dena nola joan den jakiteko.

Zer da zuretzat Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izatea?

Dena. Hasiera-hasieratik laguntza osoa eta indarra ematen dizute. Edozer gauza dagoela ere, kolektibo baten kide zara, ez duzu norbanako moduan jokatzen. Mila erara saiatzen dira gu izorratzen, baina kolektibo indartsu bat dagoenez, militante izaten jarraitzen duzu barruan, borrokan segitzen duzu. Han bahituak gaude, baina inola ere ez garaituak.

Judizialki, zein da une honetan zure egoera?

Egunero joan behar dut sinatzera: astelehenetik ostiralera Lizartzara, eta larunbatean eta igandean Tolosako epaitegira. Orain, epaiketaren zain nago, eta hori ez dakit noiz izango den. Hilabete batzuetara izan daiteke, edo ez dakit zenbat urtera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!