Atez atekoari buruzko arreta bulegoak zabaldu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 28a, 11:44

Atez ateko bilketa eredua ezarriko duten Tolosaldeko bost herrietan informazio bulegoak ireki dituzte, herritarrei sistema berriari buruzko kezkak argitzeko.

Azken hilabetean, gizarteratze prozesuetan murgilduta izan dira Amasa-Villabona, Alegia, Irura, Anoeta eta Zizurkilen, baina prozesu horretan argitu gabe geratu diren kezkak azaltzeko, edota bertara gerturatu ezin izan dutenentzat pentsatuta, informazio gehigarria emango duten arreta puntuak zabaldu dituzte.

Bertan, kuboak kalera ateratzean, non eta nola kokatu erakutsiko dute. Kokalekuari dagokionez edonork proposamen berriren bat egin nahiko balu, edota edukiontzi komunitarioak eskatu nahiko balitu, apirilaren 12ra bitarte izango du horiek aurkezteko denbora.

Bilketaren egutegiak ere banatuko dituzte. Modu horretan, astelehen, ostegun eta larunbatetan organikoa jasoko da. Astearte eta ostiraletan, ontzi arinak. Asteazkenetan, berriz, papera eta kartoia jasoko da. Eta errefusa igandean bilduko dute.

Mankomunitatetik eta udaletatik herritar guztiei dei egiten diete bertara joan, eta behar duten informazio guztia eskuratu eta sistema berria gertuagotik ezagutzeko.

Tolosaldeko bulegoak

Alegia. Udaletxeko bigarren solairuan izango da, asteartetik ostegunera (12:00-14:00). Kontakturako: 661559757 telefono zenbakia eta alegia@tolosaldea.org.

Anoeta. Astelehenetik asteazkenera, bake epaitegiko gelan, 09:00etatik 13:00etara. Kontaktua: anoeta@tolosaldea.org eta 661559757 zenbakia.

Zizurkil. Asteartetik ostiralera Atxulondo kultur etxean, 15:00etatik 19:00etara. Kontakturako 661559736  eta zizurkil@tolosaldea.org.

Villabona. Kale Nagusiko 29. zenbakian, astelehenetik ostiralera. Ordutegia: 11:00 - 13:00 eta 18:00 - 20:00. Kontakturako:   villabona@tolosaldea.org eta 672655455 zenbakia.

Irura. Astearte eta ostegunak, 09:30etik 13:30era. Asteazkenetan, 17:00etatik 19:30era. Udaletxean.  Kontaktua: 672654506  telefono zenbakia eta irura@tolosaldea.org  helbidean.

Tolosaldea Txukun «manipulatzen» ari dela salatu du Zizurkilgo alkateak

Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateak Tolosaldea Txukunek egindako adierazpenei erantzunez, «manipulazio hutsa» erabiltzea leporatu die. «Okerra» den informazioa zuzendu nahi izan du Luengok. Bere esanetan, Spora enpresak egindako txostena «egokia da, eta kritikatu dute eurek nahi dutena esaten ez duelako soilik».

Luengo minduta azaldu da eta Tolosaldea Txukun-i «gezurretan ari izana» leporatu dio. Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformak, Zizurkilgo alkateak sinadurak erakutsi ez izanagatik, txosten teknikoa ez ematea salatu zuen. Luengok, gauzak beste modu batean izan zirela dio: «Adierazpen horien jatorrian, Zizurkilgo EAJko bi zinegotziekin izandako eztabaida dago. Guk esan genien ez genuela ezer ezkutatzeko. Baina guk salatu genuen sinaduren berri prentsatik jaso genuela». Dena den, Luengok onartu du agian ez dutela dena ongi egin, baina ez dutela inoiz gezurrik esan: «Gardentasuna eta herritarrei gauzak argi esatea hasieratik egin dugun zerbait da. Urtebete baino gehiago da atez atekoa jarriko genuela esan genuela, ez dugu ezkutuan eman. Tristea da inoiz nirekin hitz egin ez duen pertsona bat nik gezurra esan dudala entzun beharra».

Inbertsioen auzia, berriz, «asmakuntza» dela dio, eta 50.000 euroko partidarekin «beharrezkoak diren azpiegiturak» egingo direla. «EAJ ez da inor Zizurkilen lekzio ekonomikoak emateko. Has daitezela azaltzen pilatua daukagun zorraren zergatia. Gu buelta ematen ari gara horri». Aurrekontuak «edonork» ikus ditzakeela dio.

Herritarrei mezua

Gertatutakoaren harira, Luengok lasaitasun mezua bidali nahi izan die herritarrei: «Askok benetako kezka dute, aldaketa batek dakarren kezka. Nik esango nieke zalantza guztiak argitzeko zerbitzua hor dutela eta arazoek badutela irtenbidea». Atez atekoaren sistema, «ohitura aldaketa» bat besterik ez dela dio.  Oposizioko kideei ere eskua luzatu die, etorkizuneko proposamenak «ongi etorriak» izango direla adieraziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!