Nafarroako Gobernuak lurralderako egin asmo duen berrantolaketa eztabaidagai da beste behin. Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak onespena eman ostean, apirilaren erdialdera eztabaidatuko dute parlamentuan Tokiko Mapa berria. Bada, 91 udaletxetako —tartean Leitzakoa eta Aresokoa— eta 52 kontzejutako alkateak eta zinegotziak egitura horren aurka azaldu dira, «zerbitzuen kalitatea gutxitzea eta kasu batzuetan kontzejuen desagerpena» ekarriko lukeelako.
Juan Mari Barriola Leitzako Udaleko zinegotziak adierazi duenez, «krisi ekonomikoaren aitzakian, eraginkortasuna bilatu eta zerbitzuak merkeagoak izatea nahi dutela esan dute». Bere ustez, baina, «herriak gehiago kontrolatu nahi dituzte, bai ekonomiko bai eta zerbitzuen aldetik».
Nafarroako Gobernuak onartu asmo duen berrantolaketarekin, «herriek eta kontzejuek, orduan eta txikiagoak orduan eta autonomia txikiagoa izango dute, eta hainbat kontzejuren desagerpena ere ekar lezake». Halaber, erakundeak herritarrengandik «urrunduko» dituztela uste du Leitzako zinegotziak, eta «Nafarroako Gobernuaren kontrola handitu».
60tik 6 mankomunitatera
Bestalde, Nafarroan 60 mankomunitate inguru daude egun, eta proiektu berriarekin 6ra murriztuko lirateke. Horrek «zerbitzuen urritasuna» ekarriko lukeela dio Barriolak. «Nafarroak dituen ezaugarriengatik oso zaila da zerbitzuak maila berean ematea leku guztietan, horregatik, mankomunitate bakoitzak bere ingurunera egokituriko zerbitzua ematen du, baina, makromankomunitateetan elkartuko balira, hori galduko egingo litzateke; aurrekontua murriztuko litzateke, eta baita langile kopurua ere, eta ondorioz, baita zerbitzuen kalitatea ere».
Proiektuarekin ados ez egoteaz gain, Nafarroako 143 udaletxe eta kontzejuetako alkate eta zinegotziak «hura garatzeko erabilitako modua» kritikatu dute, «ez baitute herriekin eta kontzejuekin kontatu, ez gobernuak ez eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak ere». Horie dela eta, ezohiko batzarra egitea exijitu diote federazioari, bertan gaia eztabaidatua izan dadin. «Gero Nafarroako Gobernuak ez badio kasurik egiten federazioan hitz egiten dugunari, agerian geratuko da beste behin eskuinaren inposizio jarrera», dio Barriolak.
Bide «beretik» joango litzateke Madrilen prestatzen ari diren aurreproiektua. «Are larriagoa eta beldurgarriagoa da, horren arabera herri asko desagertu egingo bailirateke, eta autonomia bera ere zalantzan jarriko bailitzateke». Barriolaren ustez, «Nafarroako Gobernua ez da autonomiaren beharrezko defentsa egiten ari» Madrilen mugimenduen aurrean.