Bioaniztasunetik: Korrika

Ataria 2013ko martxoaren 27a

Jon Ander Galarraga · Biologoa

Igaro da, pasa da, eta iritsi da Baionara. Bi hankako bizidun mordoa, guztiak lekukoa daraman liderrari jarraituz, Euskal Herri osoan zeharreko migrazio luzea eginez. Eta zertarako migrazio luze eta gogor hau? Ehiza leku berriak topatzeko? Bikotekidea bilatzeko? Ez. Gure ama hizkuntza, Europako hizkuntza zaharrena omen dena, denboraren zulo beltzean ez desagertzeko. Ez dago pisu handiagoko arrazoiren beharrik!

Baina, gure hizkuntza xumea sustatzeko bi asteroko lantxoa egiten dudan biologoa naiz eta ez hizkuntzalaria, beraz Korrika-n parte hartzen dudanean, euskaraz gainera, bi hanketan mugitzen diren tximino arraro ugari ikusten ditut. Eta bi hanka soilik dituzten harren, oso ongi egiten dute Korrika. Eta bai, honezkero apur bat ezagutu nauzun irakurle fidela... gaurkoan lau hankako bizidunen mugimenduez arituko gara gure euskal ekokulturaren txoko xumean.

Korrika edo lasterka egitea oso oso garrantzitsua da bizidun batentzat, batez ere arriskuetatik ihes egiteko. Eta janariak lasterka ihes egiten ikasi badu, janari horren ehiztariak ere lasterka hasi beharko du nahitaez, bestela gosez hilko baita. Ez da harritzekoa beraz, bizidunek lasterketarako gerra armamentu oso bortitz bat izatea milioika urtetan zehar eta modu honetara sortu dira lau hankako lasterketan ezagutzen ditugun modu nagusiak.

Aurkezten lehenengoa, karniboro edo haragijaleen mugimendu modua da, lau behatzen gainean pausatzen dira eta bosgarrena airean geratzen da orokorrean. Hanka osoa pausatu ordez, haragijaleak behatz puntatan ibiltzen dira, modu honetara, beraien lasterketek abiadura handiak har ditzakete denbora oso laburrean eta hau gutxi balitz, oin azpian kuxin moduko egiturak dituzte, zarata gutxiago ateratzeko beraien ehiza momentuetan. Hauen korrika modua, bizkar hezurra tolestuz lortzen da, atzeko hanka eta aurrekoak elkartuz eta malguki baten moduan, atzeko hankekin gorputza aurrerantz botatzen dute, aurreko hanken gainean lur hartuz eta berriro mugimendua hasiz.

Datu bat. Ikusi izurde eta balea batek nola egiten duten igeri, ez al dute hauek ere bizkar hezurra lau hankako korrikalari baten moduan uzkurtzen? Nork ukatu behar digu, balea, izurde eta bestelakoek ez dutenik jatorri lurtarra? Ba bada jende ugari ukatzen duena! A ze tripako mina.

Bada beste korrika modu bat, oso gertukoa eta ziurrenik ez dioguna behar bezalako arretarik ipini. Ikusi, behi, ardi, txerri, ahuntz eta bestelako animali apatxdunen hankak. Hauek hiru behatzen gainean pausatzen dira eta ez dituzte, haragijaleen antzeko kuxinik, hauek apatx sendo eta gogorrak dituzte, harkaitzen gainean irristatu gabe ibiltzeko. Puntu honetara iritsita ziur zuetako asko zaldiez eta antzekoez pentsatzen ari zaretela, baina zaldiak zerbait ezberdinxeagoak dira.

Zaldi eta antzeko animaliak behatz baten gainean pausatzen dira ez hiruren gainean, behatz honen puntan apatx oso handi eta sendoa du, bertan ipintzen diogu gizakiok ferra. Ikusi denez, zaldiaren ahaide urrunak ere, ahuntz eta ardien moduan hiru behatzen gainean ibiltzen ziren, baina bizidunen milioika urteko eraldaketa zoragarriak eramanda, gaur egungo korrika modua garatu dute. Oso modu eraginkorra da, dirudienez, eremu lauetara egokitutako korrika modua da eta ez ahuntzak ibiltzen diren eremu harkaiztsuetarako.

Baina bizidun guztiak ez dira lau hankan ibiltzen; zu eta ni bi hankadunak gara, gure aurreko hankak eskuak bihurtu baitira. Hala ere, txikiak garenean, gure lau hankako ahaidearen zantzu batzuk baditugu eta ederki ibiltzen gara lau hankatan gure etxeko zoruan barrena, nonbait gure garunaren barren barrean, oraindik zakur baten tamainako lau hankako animalia haragijale eta iledunaren presentzia badugu. Honetaz pentsatzea, edozein futbol txapelketa baino zirraragarriagoa da!

Espero dut, ene irakurleek, beraien inguruko animalien korrika moduei bost bat minutuko arreta eskaintzea, ez dago inora joan beharrik, soilik begiak beste modu batera ireki eta kito! Udaberria datorren honetan, hasi zuen prismatiko, gida eta lupak prestatzen, atera kalera, ireki begiak eta ikusi udaberriak eskaintzen digun bizidunez betetako ingurunea; ez utzi txoririk begiratu gabe, ez utzi intsekturik aztertu gabe. Zinema eta igerilekua oso ondo dago, baina goazen gure inguru naturala ere aztertzera, daramagun martxarekin, hamar urterako dugu eskuragarri eta!

Azkenik, biologo xume honi zerbait esateko idatzi lasai bioaniztasunetik@hotmail.com helbidera. Zuen «hi, letzeaut eh?» eta «azkena idatzi dekena gustau zaiak!!»-ek aurrera jarraitzeko laguntzen didate eta kritikek asko irakasten didate! Zuek gabe honek ez du zentzurik. Udaberri on!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!