Ikurrinak zintzilikatzeko deia egin dute Aberri Egunerako

Ataria 2013ko martxoaren 27a

Aberri Egunera begira, Espainiako bandera jartzeko «inposizioaren» aurkako eta ikurrinaren aldeko herri ekimenaren deiari erantzunez, Villabonako hainbat elkarte eta eragiletako kideek euskal ikurren aldarria egitera deitu dituzte herritarrak. Azken astean, taberna eta dendetan zehar Geurea ikurrina! dioen eskuorriak banatzen ibili dira, beren atxikimendua eskatuz, eta gustura daude jasotako babesarekin.

Orain, igandeko Aberri Egunaren gertutasuna aprobetxatuz, deialdia herritar guztiei egin nahi izan diete, Harrotasunez, Ikurrinak Balkoietara! lelopean, ikurrinak zintzilikatzeko eskatuz. Hala ere, ikurrinak igandetik aurrera, iraunkorki mantentzeko eskatu dute, «Espainiako Gobernuak beren bandera inposatzen duten bitartean, euskal ikurren defentsa eta aldarria» egingo dutela adieraziz. Bestalde, datorren igandean, hilaren 31n, Iruñean burutuko den Aberri Egunean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Aurrerantzean ere, ikurrinaren defentsa egitearren ekintza gehiago antolatuko dituztela aurreratu dute ekimenekoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!