Shanti Iribar 'Dr Sirius Magma', Iker Lopez 'Iki Peligro' eta Iñaki Guantxe 'Guantxe'.
Zikloak itxi daitezke baina proiektuak ez dira bukatzen. Berpiztu daitezke, berriz indartu. Lobo Electrico taldeak ziklo baten amaiera iragarri du gaur, Donostiako Ze Premikin jaialdiaren barruan emango duen kontzertuarekin. Shanti Iribar Dr Sirius Magma abeslariak, Iker Lopez Iki Peligro gitarra jotzaileak eta Iñaki Guantxe Guantxe bateriak duela 14 urte hasitako ibilbidearen inguruan hitz egin dute, Bonberenean, euren lehen kontzertua eman zuten tokian.
Mila modutan definitzen zaituzte, baita rock talde bezala ere.
Iñaki Guantxe: Talde izateak partaide guztien artean konexioa egotea dakar. Ez soilik gu lauron artean, baizik eta bertan dauden guztien artean. Eta bakoitzak bere zeregina dauka.
2000. urteko abenduaren 23an eman zenuten lehen kontzertua, ilargi betea zegoen gau batean.
Shanti Iribar: Ilargiak beti eragina izan du gugan, baina kasualitate hutsa izan da.
Iker Lopez: Lokaletik ateratzeko beharra genuen, gure abestiak nola entzuten ziren ikusteko. Baina, artean, ez zeuden amaituta, zirriborroak baino ez ziren.
S.I.: Zirriborro luzeak. Hasierako garaian abestiak luzeagoak izaten ziren. Asko aldatu dira ordutik.
Zuen terminologiaren arabera, kontzertuak ‘Esperma Beltzeko gauak’ bezala daude katalogatuta.
S.I.: Zeru izartsuek osotasun sentsazioa sortzen dute nigan. Eraman egiten naute; ez dakit nora, baina norabait. Horrelako zeru bati so egitean, arnasa hartu eta elikatzen nauen zerbait dagoela sentitzen dut. Hor du jatorria terminoak, eta energia hori kontzertuetan gurekin izatea nahi genuen.
I.G.: Finean, Lobo Electricoren kontzertu bat definitzen du.
S.I.: Bilera horietan sortzen den energia da. Zu katalizatzailea zara, zure abestiekin zoaz, baina han zerbait berezia sortzen da, beste edozein kontzertutan sortuko ez dena. Hor gertatzen dena bizitza bezalakoa da, ez da une bakar bat ere errepikatzen.
Otsoak taldean bizi dira, zuek talde bat eratu al duzue 14 urte hauetan?
I.G.: Beranduago iritsi arren, hori antzeman nuen, eta hori da nire jotzeko arrazoia. Orain gu gaude hemen, gu gara taldea edo familia eta guztiak gara bertako zati.
S.I.: Familia batzen duena da Lobo Electrico. Taldean lider bat baldin badago, hori guztiak elkartzen dituen energia da.
I.L.: Familia bat gara eta mundu guztia izango da parte nahi izanez gero.
S.I.: Borondate kontua da. Batu nahi duena batuko da.
Distantzia luzeak bidaiatzen omen dituzte otsoek, eta zer esanik ez zuek. Munduan zehar ibiliak zarete.
I.L.: Esperientzia baikorra da, noski, nahi dudan hori egitea, inoiz pentsatuko ez nukeen tokietan.
S.I.: Oso interesgarria da jendearen erreakzioa ikustea distantzia kulturala daukagun lekuetan. Guztien erreakzioa antzerakoa dela ohartzen zara, izan ere, planteatzen duzuna oso oinarrizkoa da. Eta oinarrizko konexio horretan Japonian ala espetxe batean jotzea ez dela hain ezberdina ikusten duzu.
I.L.: Espetxeetan jotzea oso berezia izan da. Inguru ordenatu batean kaosa sartzen baituzu. Eta, hala ere, bat egiten duen sentsazio, energia hori ere sentitzen duzu.
Mutazio hitza oso presente dago zuen hitzetan. Kontzertuetan nahiz une oro mutatzen al zarete?
S.I.: Guztiak eta guztia etengabeko mutazioan dago. Zerbait estankoa dela pentsatzea ilusio bat da.
I.G.: Guk jendeari gurekin mutatzeko gonbita egiten diogu, nahi duen bezalakoa izateko.
S.I.: Naturak bezala funtzionatzeko, aldatzeko.
I.G.: Eta gure musikak beraiekin eramatea.
Zuen azken lana ‘Artefactos magicos’ da. Zein tresnaz ari zarete?
S.I.: Bere existentzia aldatzeko asmoarekin eraikitzen duzun edozein gailuz. Funtzionatzeko energia eman behar diozun edozer. Disko hori bera adibidez.
I.G.: Zuretzat garrantzitsua dena beste batentzat oharkabekoa da. Zuk nahi izanez gero, guretzat CD horretako musika den bezala, magikoa izango da.
Ibilbide honetan bilakaerarik izan al duzue talde eta pertsona moduan?
I.G.: Nik ez dut eboluzionatu.
S.I.: Hori berak dioena da, baina, beti aldatzen zara.
I.G.: Ni jada ez naiz kezkatzen. Egoera kontrolpean izan ordez, gauzak bere kabuz gertatzea gustatzen zait.
S.I.: kontrolpean eduki nahi izateak beldur zarela islatzen du.
I.G.: Egoera kontrolpean eduki nahi baduzu zailagoa da ondo irtetea, maila asko gainditu behar baitituzu. Bere horretan mementoa biziz gero, pasatzen dena pasata ondo egongo da.
Euskal musikaren historian, plazak euskalduntzeko helburuarekin dantzaldiak sortu ziren. Gaur egun euskarak ba al du indarrik bertako musikan?
I.G.: Kontsumitzaileak hizkuntzaren hesia gainditu du, eta esaten den horri arreta jarri dio. Euskaldun batek euskaraz abestu beharko luke, bere hizkuntzan hobeto adieraziko duelako.
S.I.: Hizkuntza hobeto adierazteko giltza da.
I.L.: Hizkuntzak instrumentua behar du izan. Baina esaten den horrek ere lotura eduki behar du konposizioarekin.
I.G.: Elkarrekin badoaz hizkuntza ulertu gabe esaten dena ulertzen duzu. Sentitu egiten duzu.
S.I.: Bestalde, aukera ere handitu egin da. Lehen estilo jakin batean soilik egiten zen euskaraz.
Dantzaldietatik rockera. Rockatik punk rockera. Honek gaztetxeen mugimendua ekarri zuen.
I.G.: Guk oraindik «gazte» bizitza bizi dugu. Adinak berdin dio, gaztetxeen parte gara. Esker onak besterik ez dauzkagu gaztetxeentzat. Tamalez, gaztetxera joatearen eta bizimodu hau ematearen usadioa galtzen ari da lokalak indarra hartzen ari diren bitartean.
S.I.: Egungo gazteek gaztetxeak beti eduki izanak ez du esan nahi beti izango dituztela. Baina gaztetxeak egoteko beharra sentitu behar duzu, eta behar hori edukita, gaztetxeetara joan, gaztetxeak sortu.
Evaristok esan zuen punkak bi lege dituela: «Oinarria zerbait esatea da eta kalean bezala hitz egitea». Eta bigarrena: «Ez dago araurik eta jartzen dituena joan dadila pikutara». Zuek lege horiek jarraitu dituzue?
I.L.: Batez ere bigarrena.
I.G.: Gure arau bakarra albokoa errespetatzea da.
I.L.: Noski, arauak bete behar badituzu ez baitauka graziarik.
S.I.: Punkean librea zara. Legeak «antipunk» dira.
Gaur bertan 2000. urtean hasitako bideari amaiera emango diozue Le Bukowskik antolatutako Ze Premikin jaialdian. Zuen azken agurra izango al da?
I.G.: Ziklo bat amaitzen dugu. Mementoz ezin dugu jarraitu sentitzen ez dugun zerbait egiten. Beharbada, guk eta gu ikustera etortzen direnek nahi izanez gero, itzuliko gara. Gogoa edukitzeko gogoz gaude, energia hori edukitzeko gogotsu gaude. Ez dugu inor engainatu nahi, baina, Lobo Electrico ez da hiltzen ezta amaitzen ere.