Opor egunak gainean diren honetan, eskualdetik urrun joan gabe, bada arteaz gozatu eta goiza edo arratsaldea pasatzeko aukera eskualdean. Erakusketak, Tolosan eta Alegian daude, eta txotxongiloak, buztina eta pintura ardatz duten lanak ikusteko aukera eskaintzen dute.
Txotxongiloak non dauden asmatzea ez da hain zaila. Tolosako Topic-en aldizkako erakusketa berria jarri dute. Urriaren 13ra bitarte, Txotxongillo taldearen lanak ikusteko aukera egongo da bertan. Donostiako konpainia Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek osatzen dute, eta besteak beste, euskal mitologian oinarritutako pertsonaiekin egiten duten lan.
Hamabi gune eta 80 txotxongilok osatzen dute erakusketa. Topic-ek eskainitako aukerarekin gustura agertu da Genua: «Poz handia da guretzat, besteak beste, txotxongiloen munduan daramatzagun 42 urtetan egindako lanak ikus daitezkeelako, eta nola ez, gure lana ezagutzeko aukera ere badelako». Erakusketara gerturatzen direnek, hamabi ipuinetako protagonistak eta muntaiak ikusiko dituzte. Genuaren hitzetan, «erakusketa ez da ohikoa, helduei zein haurrei zuzendua dago, eta bereziki, gure ikusleak izan ziren haiei».
Txotxongillo taldeko kideak zuzeneko ekarpena egin nahi izan diote erakusketari, eta Enkarni Genuak bisita gidatuak eskainiko ditu, euskaraz eta erdaraz, hilabeteko lehen ostiral eta larunbatetan.
Manolo Gomezek eta Enkarni Genuak erakusketa honen esperientzia emozio handiz bizi dutela azaldu dute Topic-etik; Txotxongillo taldeko kideak, Donostiako Udalaren eskutik, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso berri dutela ere gogoratu dute.
42 urteko ibilbidean aipamen eta sari gehiago daude, ordea: Bilboko Ercilla Saria; Haur antzerkirako testuen lehiaketa; Nafarroako Antzerki Eskolaren eskutik jasotakoa; Arcipreste Hito Saria; Donostiako Hiriaren eskutik jasotako Antzerki Testuak Euskaraz Saria, eta Victoria Eugenia Saria, hau ere, Donostiako Udalak emana.
Sariak sari, Txotxongillo taldeko kideek argi dute: «Denen gainetik, gure emanaldietan haur zein helduek eskaini diguten maitasuna dago. Txotxongilolari guztiek amesten dugun saria, gainera, eurek eskaini digute: antzokiak betetzea».
Tolosako Topic Zentroan bezala, Alegiako Erretirodunen tabernan, aldizkako erakusketak antolatzen dituzte. Hilabete honetan, Joani Alkortaren margolanak daude ikusgai, eta baita salgai ere. Prezioak, 120 eurotik 275era bitartekoak dira. Gaiak, aldiz, askotarikoak: Larraulgo Eskultura; paisaia; Afrikar emakumea; upategiak; abstraktuak...
Xegunda Iztueta, Lanbroan
Tolosako Lanbroa tabernan Xegunda Iztuetaren buztinean egindako arte lanak daude ikusgai. Berastegin jaio eta Tolosan bizi den 84 urteko artistak buztina bizitza bezala maite du, bata zein bestea, bereiztu ezinezkoak baitira Iztuetarentzat: «Buztinetik sortu gara gu, eta bere gainean bizi gara. Dena egiten digu buztinaren gainean, eta denerako balio du. Niretzat, gainera, horrela izan behar du, ez baitut nahi airearen gainean bizi, lurraren gainean bizi nahi dut».
Bizia, jakiak, tresnak... lurretik sortutakoak direla dio, eta hori ardatz hartuta, artelanak buztinarekin egitea gustatzen zaio Iztuetari. Lanbroa tabernan, ondorengo hilabetean, filosofia horren lagin txiki bat ikusteko aukera egongo da.
Plantxagintza lanbidea utzi ondoren, etxean sartuta ez gelditzeagatik, Tolosako Kultur Etxera joan zen Xegunda Iztueta eskulanetan aritzera. Ikaslea artista bilakatu zen bertan. Buztinarekin mila gauza egin daitezkeela dio, eta horiek erakusteko gogoz, erakusketak jarri izan ohi ditu.
Egiten duenarekin gustura dago Iztueta, eta berarentzat oso garrantzitsua izan dela aitortzen du: «Osasunarentzat ona dela esango nuke. Buztinarekin lanean ari naizenean burua ez zait inoiz nekatzen, beti izaten dut argi».
Maitasunez beteriko hitz hauek ez dira kasualitatea, Xegunda Iztuetaren lanek ere gauza bera adierazten baitute. Lanbroan ikus daiteke hori.