Atez ateko hondakin bilketaren sistema ezartzear daude Tolosaldeko bost herritan, eta prozesu horretan herritarrei laguntzearren, informazioa banatuko dute Irura, Anoeta, Alegia, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Udalek. Azken honek, GPS arreta bulegoa ireki du Kale Nagusiko 29. zenbakian herritarren duda eta kezkak argitzeko.
Galder Azkue, Amasa-Villabonako alkateak, eta Rosa Arregi, Ingurumen zinegotziak ostiralean inauguratu zuten bulegoa, eta «edonorentzat» izango da zabalik. Bertan, esku-orriak banatuko dira atez ateko sistemaren inguruan, eta arduradunak edozein zalantza argituko ditu. «Garbi daukagu hau dela bidea, osasunagatik, ingurumenagatik, eta ekonomiagatik, eta bide hori herritarrekin egingo dugu, gure laguntzaz», esan du Azkuek.
Bulegoa astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 11:00etatik 13:00era, eta 18:00tatik 20:00etara. Horrez gain, 672 655 455 telefonoa eta villabona@tolosaldea.org helbidea jarri dituzte herritarren eskura duda gehiago argitzeko. Laguntza gehiago behar duen edonork, udaletxeko bere bulegora ere jo dezakeela azaldu zuten.