2011z geroztik 12 langile kaleratu ditu SAMk, eta azken erabakiarekin, 17 izango lirateke kaleratutako langileak
Tolosako SAM lantegiko zuzendaritzak, beste bost langile kaleratuko dituela jakinarazi berri du.
LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, enpresako arduradunek arrazoi ekonomiko eta produktiboak eman dizkiete langileei; sindikatuak, ordea, benetako arrazoia beste bat dela dio: «Tompla multinazionala buru duen Madrilgo taldearen mozkinak ahalik eta gehien handitu nahi dituzte. 2009az geroztik, dibidendu banaketa izugarria jasan du enpresak, eta Tolosako lantegiko langileek sorturiko aberastasuna, enpresatik atera egin dute». Honen harira, 2009az geroztik 6.700.000 euroko dibidendu banaketa izan dela nabarmendu dute, eta duela lau urte salatu bezala, «gure susmoak betetzen ari dira», diote LABeko kideek.
Azken urteotan, kaleratzeen auzia hizpide izaten ari da SAMn, izan ere, 2011ko irailaz geroztik, 12 langile kaleratu ditu enpresak; lau pertsona kaleratu zituzten 2012ko irailean, beste zazpi pasa den azaroan, eta abenduan, berriz, beste langile bat kaleratu zuten. Modu honetara, pasa den ostiralean esan bezala, enpresak beste bost langile kaleratuko balitu, 77 langile izatetik 60 izatera pasako litzateke SAMk Tolosan duen lantegia.
SAM enpresako LAB sindikatuko ordezkariek «gogor» salatu nahi izan dute hau guztia: «Madrilen hartzen da erabakia, eta hemengo zuzendaritzak zintzo betetzen ditu langileen aurkako neurri guztiak, baita kaleratzeak ere».
Horrela, beraz, kaleratzeak albo batera utziz gero, sindikatuko kideak prest azaldu dira, zuzendaritzarekin hitz egin, eta enpresaren etorkizunaren inguruan akordio batera iristeko. «Aldiz, kaleratzeekin jarraituz gero, aurrean izango gaitu zuzendaritzak, gure lankideen lanpostuen defentsan borroka egiteko prest gaude eta», nabarmendu dute.
Gaur elkartuko dira SAMko langileak, kaleratzeen berriari aurre egiteko, eta mobilizazioen bidez egoerari erantzuteko.
Greba mugagabean jarraitzen dute Zizurkilgo Huyck Wangner-en
Atzo aurkeztu zuen, Huyc Wangner enpresak, bigarren Enplegu Erregulatzaile Espedientea. Kasu honetan, Zizurkilgo lantegiko 74 langileren kaleratzea aurreikusi dute, eta 22 egunetik 25era igo dute lan egindako urte bakoitzeko kalte ordaina. Langileek azaldu dutenaren arabera, «espedientea aurrekoaren ia berdina da, eta planteamendu bera jarri dute mahai gainean». Hori dela eta, langileek «inoiz baino elkartuago» daudela, eta greba mugagabearekin jarraitzen dutela berretsi dute.
Duela bi aste Enplegu Erregulatzaile Espedientea erretiratu ostean, ostegunean bildu zen Huyck Wangner enpresako zuzendaritza Zizurkilgo langileekin, Donostian. Bileran, zuzendaritzaren abokatuek espediente berri bat aurkezteko asmoa azaldu zieten. ELA sindikatuko Mikel Zabaleta ordezkariak adierazi duenez, «jakinmin handia» zuten langileek. «Espedientea erretiratuko zutela eta beste prozesu bat hasi nahi zutela azaldu zuten. Baina guk ez genekien enpresaren benetako asmoa hori zen, ala mugimendu estrategiko bat zen, prentsa bidez izan baikenuen beste espediente baten berri».
Duela bi hilabete gertatu bezala, beraz, Enplegu Erregulazio Espedientea egun batzuk lehenago egindako bileran jakinarazi diete langileei. Espedientea jarri ondorengo lehen bilera bihar egingo dute, zuzendaritzak eta langile batzordeak, 10:00etan Donostian.
Langileek greba mugagabearekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute, atzo aurkezturiko espedientea aurrekoaren oso antzekoa delako: «Astero informazio batzarrak egingo ditugu, eta mobilizazioak antolatu ere bai; larunbatetan Tolosako Trianguloan elkarretaratzeak egiten jarraituko dugu, eta baita Donostian ere». Bide horretan, pasa den larunbatean ere elkartu ziren Tolosan, protesta egiteko.