Aste Santuetako oporretan zabalduko da Abaltzisketako gunea; azken hiru urteotan 22.000 bisita jaso ditu
Zabaldu dute Txindokiko Itzala gunea, eta natura turismoa eta turismo aktiboa oinarri dituen eskaintzak, jarduera berriak dakartza Aste Santuetatik irailera bitarterako; besteak beste, orientazioari garrantzia berezia emango dioten egitasmoak prestatu dituzte. Ezer baino lehen, arduradunek azken hiru urteotako «balorazio oso ona» egin dutela nabarmendu nahi izan dute, izan ere, 22.000 bisitari jaso ditu guneak, eta Tolosaldeko bigarren informazio punturik bisitatuena da, Olatz Illarregik azaldu duenez.
Datorren martxoaren 28an hasiko dira jarduerak, Amezketako arroila jaitsierarekin. Honekin batera, urteroko eskalada ikastaroak nahiz mendi ibilaldiak ere eskuragarri izango dira. Aurten, ordea, orientazioa gai nagusi hartuta, hainbat jarduera berri prestatu dituzte arduradunek. Batetik, GPS ikastaroa izango da Amezketan, eta Larraitzen orientazio ikastaroa ere prestatu dute. Honez gain, irailean, Rogainea orientazio txapelketa ospatuko dute.
Aste Santuko oporrei begira, gainera, familiei begirako mendi ibilaldi bereziak antolatu dituzte, orientazioa eta mendia uztartuz; «ibilaldi errazak izango dira, eta Altxorraren bila moduko bat izango da, haurrekin Larraitzera etortzen diren familia guztientzat», azaldu du antolatzaileetako batek.
Udan, berriz, bost eguneko udalekuak izango dira estreinakoz, 11 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat; Larraitzen kanpalekua izango dute, eta bertako taberna eta jatetxeetan burutuko dituzte otorduak.
Informazio gehiagorako, www.txindokikoitzala.com web ataria bisita daiteke.
Turismo aktiboa plazara
Larraitzeko gunean burutzeko jaduerez gain, aurten, lehenengoz, natura oinarri duen turismoaren inguruko azoka antolatuko dute, ekainaren 14tik 16ra bitarte: «Lehen egunean, enpresa pribatu eta erakundeentzako aurkezpena egingo dugu, eta hurrengo bi egunetan, Abaltzisketatik Larraitzera bidean, natura eta turismo aktiboarekin zerikusia duten produktuez osatutako azoka antolatuko dugu, herritarrentzat».