Espainiako Entzutegi Nazionalak 44 urteko kartzela zigorra ezarri dio Manex Castro billabonatarrari, 2008ko abenduaren 3an Inaxio Uria enpresariaren hilketan lagundu izana egotzita. Epaiaren arabera, Castrok Deba ingurura eraman zituen Uriaren hiltzaileak, berak eskuratutako auto batean. Han, bigarren auto bat lapurtu zuten pistolaz, eta ustez, Castro, kotxearen jabea zaintzen ibili zen, gainontzekoak Azpeitira joan eta Uria hiru tiroz hil zuten bitartean. Castrok, haren nagusiak eta beste hiru testiguk, Villabonako lorategi batean lanean ibili zela bazioten ere, tribunalak bi gauzak egin ahal izan zituela ondorioztatu du.
Hori dela eta, eta fiskaltzak 59 urteko espetxe zigorra eskatu arren, 44 urteko kartzela zigorra ezarri diote Castrori. Lau delitu egotzi dizkiote: hilketa, atxiloketa ilegala, ibilgailu baten lapurreta, eta kalteak. Espetxe zigorraz gain, 280.000 euro ordaindu beharko dizkio Manex Castrok familiari kalte-ordain gisa. Diru horren erdia, Uriaren alargunarentzat izango da; 40.000 euro, lau semeentzat; eta 80.000 euro alabarentzat. Babestuta dagoen lekuko bati ere, 8.000 euro eman beharko dizkio.
Gainera, kondena bete eta hamar urtera ezin izango du Azpeitira, zein familiartekoren batengana gerturatu.
Santa Cruz, absolbituta
Iraitz Santa Cruz, berriz, ETAri lagundu izatetik absolbitu dute. Castrori lehen ibilgailua uztea leporatzen zioten, baina zertarako zen ez zekiela frogatu dute.