Ur Algero: «Herriaren borondatea bideratzen hasteko tresna izan daiteke Udalbiltza»

Ataria 2013ko martxoaren 21a

Ur Algero, Udalbiltzako gobernukidea

Udalbiltza Euskal Herriko udalen eta udal hautetsien biltzarra abian da berriz ere. 1999. urtean sortu zenean zituen bost printzipioak berretsiz, hau da, Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea,  Euskal Herriko egitura politikoa eraikitzen laguntzea, Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, herrialde guztietako udalerrien artean harremanak sendotzen laguntzea eta Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea nazioartean. Erakundea berrantolatzeko batzarra iragan martxoaren 2an egin zuten, eta Mertxe Aizpuruak hartu zuen bertan lehendakari kargua. Gobernukideen artean dago Ur Algero Aresoko alkatea.

Ur Algero, Udalbiltzako gobernu kidea[/caption]

Nafarroa Garaiko gobernukide zara Udalbiltzan. Zein da zure egitekoa?

Udalbiltza berrantolatzeko lanetan egon naiz azken hilabeteetan, eta gero, gobernukide izatea proposatu zidaten. Lehendakari eta lehendakariordeak daude batetik, eta bestetik gobernukideak. Udalbiltzaren baitako erabakiak hartu, bileretan parte hartu eta ekarpenak egin, zubilanak egin herrialdeetako beste zinegotzi edo Udalbiltzako kideekin... Horiek dira, besteak beste, gure egitekoak.

Behin erakundearen egitura osatuta, zein izango da orain hurrengo pausoa?

Udalbiltzaren lehendabiziko funtzioa edo helburua gobernu plana deitzen dioguna eratzea izango da. Horretarako, martxoaren 2an Donostiako Victoria Eugenia antzokian finkatu ziren lehentasunak hartuko ditugu oinarri. Orain, bi hilabeteko epea dago beste Udalbiltzako kideek proposamenak eta emendakinak aurkezteko. Hurrengo batzarrean gobernu plana aurkeztu eta onartu, eta datorren urteko aurrekontuak onartuko lirateke.

Zeintzuk dira bost oinarri edo lehentasun horiek?

Lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa indartzea litzateke lehena. Nazio egituratzea laguntzea, erakundeetatik nahiz gizarte alorretik. Herrien arteko saretzea bultzatzea litzateke hirugarrena. Laugarrena, burujabetzaren aldeko diskurtso propioa eraikitzea. Eta, bosgarrena, nazioartean Euskal Herriaren presentzia indartzea litzateke.

Erakundearen berrantolaketan babes handia jaso duzue.

1.278 hautetsik eman dugu izena, eta gure asmoa ahalik eta gehien zabaltzea da. Euskal Herria aintzat hartzen duen edozein hautetsik du lekua bertan, eta ahal bada, guztietara iritsiko gara.  Victoria Eugeniako ekitaldian, esaterako, Jesus Mari Agirrezabala Udalbiltza-Udalbideko lehendakariorde ohia izan zen. Udalbide gaur egun ez dago martxan, eta bertako hainbat ordezkari Udalbiltza berrira sartu dira. Gehiago sartuko direla espero dugu, helburu berdinak ditugulako, eta Udalbiltzaren oinarriak oso zabalak, gardenak eta demokratikoak direlako.

Zergatik izan beharko luke tresna baliagarri Udalbiltzak?

Euskal Herriak herri gisa duen arazo handietako bat desegituraketa da: Hegoaldean bi autonomia erkidego desberdinetan banatuta gaude, eta Iparraldean ez dago departamentu propiorik. Herritarrengandik gertuen dauden erakundeetatik, hau da, udaletatik egoera horri buelta ematen hasteko modua da Udalbiltza. Herri mailan, herri gisa antolatzen eta elkarren artean erakunde burujabeak eta erabat demokratikoak izango direnak sortzen hastea da helburua. Horretarako, Udalbiltza oso tresna garrantzitsua eta grafikoa izango da, Euskal Herri osoko hautetsiak baitaude.

Gaur egun bizi dugun egoeran zer paper du Udalbiltzak?

Gaur egungo egoerak pertsona eta mugimendu desberdinen arteko zubiak eraikitzea errazten du. Euskal Herriaren eskubideen defentsan eragile indartsu eta eraginkorra izatera iritsi behar du Udalbiltzak. Bestalde, gatazka indarkeriarekin lotu izan dute, eta hainbat arlotan alde batera utzi nahi izan dute azpian zegoen arazo estrukturala edo gatazka bera. Hemen aurrera egin nahi duen herri bat dago, eta herri gisa garatzeko bere bideak ireki nahi ditu. Orduan, geratzen den galdera honakoa da: herri horrek demokratikoki eta gehiengoz hori erabakitzen baldin badu, nola egin posible bere garapena nahi duen bidetik eramateko. Herri gisa garatzeko eskubidea eta betebeharra dugu. Egokiena hori iruditzen bazaigu, gauden bezala jarraitzea erabaki dezakegu, edo bestela, etorkizuneko Euskal Herri bat, herriaren gehiengoaren arabera eraikitakoa aukera dezakegu. Herriaren borondatea bideratzen hasteko tresna izan daiteke Udalbiltza.

Bere historian traba handiak izan ditu. Historia errepikatu al daiteke?

Udalbiltzaren potentziala oso handia da, eta hori Espainiak guk baino argiago ikusi du. Udalbiltzaren zatiketa eta ahulezia eman zen unean, Espainiako Gobernua saiatu zen proiektua errotik mozten. Espainiako sistema judiziala zein den jakinik ere ezin izan dute frogatu Udalbiltzak deliturik zuenik, eta onartu behar izan dute erakunde demokratiko, garden eta legala zela. Euskal Herrian garatzen ari den aro politiko berriak asko zailtzen du Espainiak berriro ere trabak jartzeko bidea. Ez dut esango errepresioaren bidea bukatu denik, ez baita bukatu, baina Udalbiltza bezalako erakundeekin, nire ustez, Espainiako Gobernuak nekez errepikatu ahal ditu lehen egindakoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!