Unipapel eta ‘Perot’ lantegietako langileak etorkizuna argitu nahian

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 21a, 09:45

Iragan hurbil eta iluna argitu nahian dabiltza Unipapel-eko eta Huyck Wangner-eko langileak, etorkizun argiago baten alde borrokan. Egutegia eskuan, bi hitzordu garrantzitsu azpimarratzen dituzte langileek: hilaren 21a eta 25a.

Adunako Unipapel lantegian langile bat kaleratu zuten duela bi aste; Zizurkilgo Perot-en, enpresa ixteko mehatxua dute gainean. Bata zein besteko langileek egoera honi mobilizazioekin erantzun diote, eta ondorengo egunetan behinik behin, horrela jarraituko dute.

Huyck Wangner, Perot, lantegiko langileek hitzordua gaur bertan dute multinazionaleko ordezkariekin, 16:00etan, Donostian. Bertan zer aurkituko duten ez dakite langileek: «Esan digutenez, enplegu erregulazio espediente berri bat aurkeztu nahi du enpresak, baina ez digute bestelako zehaztasunik eman. Duela bi hilabete gertatu zen bezala, antza, gaur azalduko digute enpresak aurrera eraman nahi duen planteamendua».

«Jarrera maltzurra»

ELA sindikatutik, Perot-eko langileen ordezkari moduan, enpresaren «jarrera maltzurra» salatu dute, beste behin ere. Alde batetik, informazioa enpresatik jaso beharrean kanpotik jasotzen ari direla esan dute: «Martxoaren 6ean, kaleratze gutunak iristear zirenean, multinazionalak EEEa Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzatik erretiratu egin zuen. Alta, erabaki hori ez zioten langileei ezta hauen ordezkariei azaldu. Informazioa hirugarren pertsonetatik iritsi zitzaigun, eta honen egiaztapena arratsaldera arte ez genuen izan, enpresaren abokatuari behin eta berriz deitu eta gero».

Enplegu erregulazio espedientea kenduko zutela jakin zutenean, EEE berri baten albistea iritsi zitzaien, oraingo honetan, ELAtik esan dutenez, komunikabideetatik: «Arratsalde horretan bertan, enpresak komunikabideei zabaldutako prentsa ohar baten bidez jakin genuen multinazionalak beste enplegu erregulazio espediente bat aurkezteko asmoa zuela. Hau da, beste behin ere, beste iturri batzuetatik jakin behar izan genuen multinazionalak Perot-eko langileekin egin nahi duena».

Zeharkako informazioa «jarrera maltzurraren» alde bat da ELA sindikatuarentzat, txanponaren beste aurpegia, «enpresak esan dituen gezurrak» izango lirateke: «Ez da egia multinazionalak jarrera guztiz malgua mantendu duenik, ezta ere momentu oro ez zutenik inolako irtenbiderik ukatu. Izan ere, bileren aktetan islatzen den moduan, behin baino gehiagotan ukatu dute Euskal Herrian proiektu industrialarekin jarraitzeko aukerak aztertzea. Irtenbide horiek aztertu baino lehen ukatuak izan ziren».

Guzti honen aurrean, lehenik eta behin, gaurko bileran zer gertatzen den jakin nahi dute langileek. Ondoren, greba mugagabearekin jarraituko dutela diote, eta erabaki hori EEE berri batek ez duela atzera botako esan dute: «Borrokan tinko jarraituko dugu gure etorkizuna eta eskubideak defendatzen. Greba mugagabean jarraituko dugu, eta honekin batera, eta gatazka konpondu arte, mobilizazio eta ekintza ugari egiten jarraituko dugu».

Unipapel-en, lanuzteak

Adunako Unipapel lantegian duela bi aste langile bat kaleratu zuten. Enpresa batzordetik azaldu dutenez, «13:40an deitu zuten gora, eta bertan finikitoa eman eta kaleratua izan zen». Astelehenean, hilaren 25ean, zuzendaritza eta «47-48 urteko» langile kaleratuaren artean kontziliazio bilera egingo dute Donostian. Unipapel-eko langileak ere bertan egongo dira, hori bai, elkarretaratzea egiteko asmoz. Alde batetik, euren lankideari elkartasuna azaldu nahi diote, eta bestetik, berriro lantegira itzul dadin eskatuko dute. Helburu honekin, iragan ostiralera arte, lanuzteak egiten aritu dira.

Kaleratuak 10 urte baino gehiago zeramatzan lantegian, eta azken «zazpi edo zortzitan» langile finkoa zen; familia, seme-alabak... Unipapel-eko langileen esanetan, albisteak «izugarrizko amorrua» sortu zuen enpresan: «Beraien asmoa beldurra sartzea baldin bazen, aurkakoa lortu zuten. Kaleratzearen berri izan genuenean urgentziazko batzarra deitu genuen, egunean bertan. Boto txuri bat egon zen, eta beste guztiek mobilizazioen alde egin genuen». Sei egunetan bi orduko lanuzteak egin ditu errelebo bakoitzak, eta astelehenean, zortzi orduko lanuztea egingo dute, jarraian.

Erabakia ulertzea ez da erraza Unipapel-eko langileentzat, kaleratze bakarrak zenbakietan ez duelako horrenbesteko eraginik, euren ustez. Horregatik, arrazoia zein zen galdetu zioten zuzendaritzari, eta jasotako erantzunak urak harrotu zituen: «Aurten kaleratze gehiago ez dela egongo esan ziguten, baina kaleratze hau erabakietan lehena zela. Ondoren, zuzenean soldata jaistera etorriko zirela. SAM lantegian aplikatu duten gidoi berdina segitzen ari dira: Kaleratuak, soldata murrizketak, enplegu erregulazio espedienteak...».

Etorkizunaren aurrean zalantza izateaz gain, bada haserretu dituen beste datu bat, eta hau erabat lotsagarria da enpresa batzordetik azaldu dutenez: «Internet-en sartzen bazara, enpresak 14 milioi euroko irabaziak izan dituela ikusten duzu, eta gero, lasai asko langile bat kaleratzen dute lotsa gutxirekin. Hau nahikoa ez, eta gero gure bila etorriko direla esaten digute gainera».

Asteleheneko lanuztearekin eta elkarretaratzearekin mobilizazioen lehen faseari amaiera emango diote Unipapel-eko langileek. Ondoren, berriro elkartu eta jarraitu beharreko ildoa aztertuko dute guztien artean.

Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Tolosaldean 3.328 langabetu daude

Tolosaldean 20.596 lagun daude lan egiteko baldintzetan, hau da, langile horiek osatzen dute biztanleria aktiboaren zerrenda. Hauetatik 3.328 lana aurkitu ezinik daude, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta gizarte saileko datuen arabera.

Ehunekotan, eskualdean langabezia %16,16 dela esan daiteke, beti ere Eusko Jaurlaritzako datuen arabera.

Gipuzkoan, bataz besteko langabezia %15,5 da, eta Tolosaldea hamaikatik seigarren postuan dago, langabezia eskualdeka aztertzen bada.

Azken urteetako bilakaerari dagokionez, datuak okerragoak dira, izan ere, 2008tik 2013ko otsailera bitarte, Tolosaldean langabeziaren bilakaera %91,9 da. Datu hauen arabera, azken bost urteetan Gipuzkoan langabezia gehien igo den bosgarren eskualdea da Tolosaldea.

Taula honetan ere, bataz bestekoaren gainetik gelditzen da gure eskualdea. Gipuzkoan, 2008tik hona, langabezia %80,8 igo da, Tolosaldean baino 11 puntu gutxiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!