Bedaioko kultur ekitaldien bigarren hitzordua emakumeentzat izango da

Ataria 2013ko martxoaren 20a

Bedaioko Artubi Kultur Elkarteak urte guztiko ekimenen egitaraua aurkeztu du. Martxoaren 2an jarri zuten martxan, Barrikotearekin, eta abenduaren 24an emango diote amaiera, baserriz baserri kopla zaharrak kantatzen ibili ondoren. Tartean, eta denboran hurbil, bigarren hitzordua dago: larunbat honetako emakumeen afaria.

Hasiera batean maiatzean ospatzen zen afaria, baina urte guztiko agenda osatze aldera, martxoan kokatu zuten zita berezi hau. Gizonak bertan izango dira, baina lanean. Emakumeek aldiz, elkarrekin egoteko eta gozatzeko aukera izango dute. Sorpresarik ez dela faltako ere azaldu dute Artubi Kultur Elkartetik. Azkenik, Bedaiotik martxoaren 23ko zitara emakume guztiak gonbidatu dituzte.

 

Urteko egitaraua

Martxoak 23, larunbata

Afaria. Emakumeek afaria egingo dute Abaetxe Jatetxean. Dantza, musika eta abarrekin.

Apirilak 27, larunbata

Irteera. Sagardotegira irteera egingo dute, bertakoaz gain, ingurukoa gozatzeko asmoz.

Maiatzak 16, osteguna

Harri jaia. Bertsolari eta trikitilariz alaiturik ospatuko dute jai berezi hau. Eguraldia, uzta eta erlijioa uztartzen dituen ohitura da Harri jaia, Artubikoen esanetan.

Maiatzak 18-19

Asteburu kulturala. Kontserbak nola egin; erleen inguruko hitzaldia; haur eta gazteentzako ekintza bereziak...

Ekainak 2, igandea

VI. Mendi Martxa eta V. BTT. 6-8 orduko mendi martxa oinez eta 4 orduko itzulia BTT proban.

Uztailak 28, igandea

Ez dauden herritarrei omenaldia. Herrian ez daudenak gogoratuko dituzte. Lehenik mendi irteera egingo dute, eta ondoren, afaria eta bertsoak egongo dira.

Irailak 6-7-8

Jaiak. Bedaioko Jaietan, urtero bezala, hainbat ekitaldi egongo dira, besteak beste, Jubilatu Eguna, Bedaioko Ingurutxoa, haur jolasak, herri afaria, eta txirrindulari igoera.

Irailak 29, igandea

VI. Bedaioko Raid-a. Zaldiak protagonista izango dituen proba. Natura eta kirola uztartuz, inguruneaz gozatzeko aukera.

Urriak 5, larunbata

Afaria. Jaien ondorengo afaria. Bertan, jaien inguruko balentzea egingo dute.

Azaroak 10, igandea

Azoka Berezia. Bertako produktu eta abereekin.

Azaroak 23, larunbata

Irteera. Errioxako bodegak ezagutzeko aukera.

Abenduak 7, larunbata

Mus Txapelketa eta gaztainak. Karta jokoaren ondoren afaria gaztain erreekin.

Abenduak 24, asteartea

Kantuan. Kopla zaharrak kantatzera baserriz baserri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!