Azken greba orokorraren bezperan jazotako gertakarien harira, Leitzako gazte batek deklaratuko du gaur Iruñean, eta hori dela eta, Leitzako ezker abertzaleak mobilizazioetara deitu ditu herritarrak, «gazteari babesa adierazi eta erasoa salatzeko».
Batetik, leitzar gaztea deklaratzen ari den bitartean, elkarretaratzea egingo dute, Iruñeko epaitegiaren aurrean, eta bestetik, bihar, elkarretaratzea egingo dute Leitzan, 19:00etan plazan. Ezker abertzaletik adierazi dutenez, hainbat delitu egozten dizkiote leitzar gazteari, «inolako frogarik gabe». Hori dela eta, «Leitzako gazteriaren aurkako eraso» baten aurrean aurkitzen direla salatu dute, «horrelako inputazio eta ekintzek argi uzten baitute estatuarentzat zein kapitalarentzat gazteak deserosoak direla». Hala, horrelako «erasoen» aurrean «herri-harresi bat eraiki eta babesa eta sostengua erakutsi» behar direla dio ezker abertzaleak. «Gazteak ez daudela bakarrik eta herri honetan bizi garenok ez dugula horrelakorik onartuko adierazi behar dugu», esan dute.
Hala, deitu dituzten bi ekintzetan parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei.