- Lagun eta senide artean eman diote azken agurra, Iñaki Epelde artista tolosarrari; gaixotasun luze baten ondorioz hil da
- Bere gizatasuna eta isilean egindako lana nabarmendu dituzte gertukoek
Minbiziarekin bizi behar izan zuen bere azken urteetan, eta pasa den ostiralean hil zen Iñaki Epelde, 54 urterekin.
Bere sormenak eman zion guztia isilean herriari eskaini eta gero, 54 urte zituela hil zen, pasa den ostiralean, Iñaki Epelde artista tolosarra. Gaixotasun larri batekin bizi behar izan zuen azken urteotan, eta lankide, lagun eta senideen artean eman zioten azken agurra, larunbatean, Tolosako hilerrian.
Margolari nahiz eskulturgile gisa ezaguna zen Epelde, eta txikitatik zetorkion arterako sena: «Hondarrezko gaztelu lehiaketan, zezen plazan, hiru anaiek sariak irabazi zituztela gogoan dut», dio Joxemi Saizarrek.
Ume jolasetan azaleratutako dohain hori, ordea, hamaika eta bat egitasmotan garatu zuen tolosarrak: inauterietako hainbat karroza atontzen laguntzen zuen; Et Incarnatus orkestrarekin elkarlanean aritzen zen eszenografia kontuetan; Uzturpe ikastolako logoa diseinatu zuen; Tolosako Ekinbide Etxeko gazte batzordean, nahiz kartelak egiten jardundakoa da; ZUT arte taldearekin hainbat performance egindakoa da gazte garaian; Euskal Herria plazako sabaia margotu zuen beste artista batzuekin, eta Plaza Berriko kioskoko pinturak bereak dira, besteak beste. Azken urteotan, ETBko langilea zen, eta telebistarako dekoratuak burutzen zituen.
Filosofia eta letrak ikasi, eta 1980az geroztik arte plastikoei eskaini zizkion bere orduak. Artea, ordea, kultur jardunetik haratago zeraman Epeldek; mundua ikusteko modu bat sortu zuen bere baitan. Horrela, eta eskulturara bideratuz, Tolosan kaleko museo bat sortzeko egitasmoan parte hartu zuen Antxon Elosegirekin, 1970ko hamarkadan. Iazko irailean ospatutako Eskulturastean ere bere alea utzi zuen, antolatzaile eta epaimahaikide gisa.
Bere azken egitasmoetako bat Koldobika Jauregi lagunarekin elkarlanean abiarazi zuen; Alkizako Urmara proiektuan parte hartu zuen, eta bere lanak ere ikusgai daude naturaren erdi-erdian ikusgai jarritako museoan.
Apaltasuna bizimodu
Eskulturgile, margolari, eta oro har, arte munduko norbanako askorentzat pertsona ezaguna zen Iñaki Epelde, bai sortzaile, eta baita lagun gisa ere. Ez zen, ordea, bere lana bereziki plazaratu zuen pertsona izan, haren lagunek nabarmendu bezala; isileko lanaren artista zen Iñaki Epelde, ezer trukean jaso gabe guztia ematen zuena.
Bere jakintza gainerakoei helarazte horretan,arte adierazpenez haratago joan zen tolosarra, ordea. Horrela, irakasle lanetan aritzen zen, kultur etxeko tailerretan; horren aurretik, Laskorain ikastolan ere aritu zen, gainera.
Era berean, arteaz gaindi, bazituen Epeldek beste hamaika aurpegi, eta herrigintzan aritzeko beste hainbat modu. Besteak beste, Galtzaundi euskara taldeko irudiaren eta zenbait kartelen diseinuaren egilea zen.
Jendetza bildu zen, larunbatean, Iñaki Epelderi azken agurra emateko.
ERREAKZIOAK
Xanti Eraso
Laguna
«Mila irudi eta istorio datozkit burura. Oso tipo ona zen, jatorra, eskuzabala zen jendearekin, beti laguntzeko prest. Ni ateoa naizenez, askotan pentsatzen dut, santu laiko batzuk badaudela munduan, eta santu horietako bat izango litzateke niretzat Iñaki. Beti bere buruarekin fidela izan zen, osoa, eta lagun ona, noski. Artista moduan, pertsonalitate handia zuen, eta artearekin lotuta, Tolosan egin dituen hainbat eta hainbat egitasmo azpimarratzekoak dira; kolaborazio asko egin izan ditu elkarteekin, herritarrekin nahiz kultur etxearekin... Pena handia dut egia esan, eta azkenekoz, 2012ko Eskulturastean egon nintzen berarekin, epaimahaian. Hain zuzen orduan hasi nintzen testu bat idazten, berari eta bere familiari bidaltzeko, eta hilabete hauetan guztietan ezin izan dut bukatu. Astero irakurtzen nuen, eta konturatzen nintzen, ez zitzaizkidala nire bihotzean nituen gauza guztiak paper batean kabitzen. Beraz, dokumentu hori beraiei ez helarazi izanaren penarekin geratu naiz; orain jada ez du zentzurik».
Migel Zeberio
Laguna
«Iñaki gure lagun mina izan da txikitatik. Karlistadaren kronika pelikulan, gure bide artistikoa elkarrekin egiten hasi ginen. Orduz geroztik, musikari naizenez geroztik, beti nire proiektu guztietan ezinbesteko parte hartzailea izan da. Eta ez bakarrik arte plastikoan; baizik eta, gehienbat, alde ideologikoan eta filosofikoan. Berak beti zuen, edozein kultur proposameni azalpen bat emateko modua. Bere antropologia, historia eta kultura jakintza izugarria zen, eta nik ez dut horrelako sakontasunean edozein gai jorra dezakeen pertsonarik ezagutzen. Bestalde, azpimarratzekoa da, behar bada gure herrian jende askok jakin gabe, Tolosako hamaika txokotan dagoela. Agintari eta erakundeen aldetik, gainera, inork ulertu ez zuen pertsona izan zen, eta neurri batean, errekonozimendurik izan ez duen pertsona. Beti idealismo eta traszendentzia baten atzetik borrokan ibili den pertsona izan da. Euskaltzale amorratua... Pertsona aldaezina, eta beti isilean hor egon dena. Beraz, egin beharko da noizbait zerbait, isiltasun horretan egon den hori jendeak ezagutu dezan, merezi baitu pertsona handi baten soslaia bizirik izateak».
Antton Izagirre
Alkate ohia eta Laskoraingo irakaslea
«Tolosako kulturgintzan eragile handia izan dela uste dut. Bere burua ez zuen askotan erakutsi nahi izaten, baina leku asko betetzen zituen. Nik uste dut, gehientsuenok, bere gizatasuna eta patxada nabarmenduko genituzkeela; jendearekin egotea, irizpide desberdinak errespetatzea, berak inoren gainetik ezer jarri gabe, horrelakoa zen. Kulturgintzan, pinturan eta eskulturaren mundu horretan, berak egin duen ekarpena sekula ez zaiola aitortu uste dut. Ziuraski, ondorengo urteotan, ekarpen hori aintzat hartua izango da. Izan ere, berak, izatez umila, ez zuen inongo ahaleginik egin obra hori erakusteko. Gizon xumea, umila, apala eta gizatasun handikoa zen».
Lukas Mendikute
Laguna
«Artista moduan guztiok dakigu zer zen, baina berarekin nuen harremanean nabarmenduko nukeena, bere dimentsio pertsonala zen. Gu denontzat, pertsona moduan maila izugarria zuen, beti atzean, beti umil eta beti pertsona».
Aitziber Meabe
Lankidea
«Lagunen laguna, filosofoa, goizero esaldiren batekin eguna alaitzen zuena. Zer gehiago esan? Gauza asko esan daitezke. Pertsona alaia eta ona zen Iñaki».
Antxon Elosegi
Artista
«18 urte zituenez geroztik ezagutzen nuen Iñaki. Tenerifetik eskulturarako egitasmo bat ekarri nuen Tolosara, eta horrelaxe hasi ginen elkarrekin lanean, duela ia 40 urte. Oso triste nago, oso lagun ona zelako. Ona zen, ez bakarrik artista gisa, baita gizon gisa ere. Umila zen, eta oso gauza ederrak zituen. Asko ibili izan naiz berarekin azken urtean, eta gogoan dut nola esan zidan gaixo zegoela. Hortik aurrera zer esango dut ba? Lagun ona, artista ona eta gizon berezia, oso ona. Nik, behinik behin, beti izango dut gogoan».
Juanlu Garikano
Lankidea
«Joan den astean bisita egin genion, eta esan zigun: ‘Zuek zer lankide mota zarete? Ez didazue agurrik eta ezer egin!’. Iñaki, egin ez dituzunak, zure gogoak eta zure lanak, egiten saiatuko gara».
Koldobika Jauregi
Artista eta lankidea
«Iñakirekin izandako harremana oso aspaldiko da, eta anaia modukoak ginen. Oso gizon ona zen, lagunak oso denbora gutxian egiteko gaitasuna zuena. Koadroak askotan sinatzen zituen, atzetik, osasuna eta pakea jarriaz. Horrelako gizona zen, lan egin izan baitu, trukean ezer jaso gabe. Ezinezkoa zen gizon harekin eztabaidaren bat izatea, eta azkarregi joan denaren sentipenarekin geratu gara. Zaila izango da hutsune hori betetzea, eta pentsatu nahi dut bere koadro erromaniko horietakoren bat egiten, edo Aralarko artzainekin izango dela, horretan murgilduta, nonbait».
Txitxi Orbegozo
Artista eta lankidea
«Kultur etxean lanean hasi nintzenean, laguna izateaz gain, irakasle bat izan zen gauza askotan. Irakasle lagun moduan eta lanbidez... Arazo bat nuenean, beti bera izaten zen burura etortzen zitzaidan lehen pertsona, banekielako arazoak konpontzen lagunduko zidala. Beti umiltasunez jokatzen zuen, eta hori izan zen bere dohainik handiena; gauza handiak egiten zituen, jakituria handiz, baina beti umiltasunez, eta horregatik asko maite nuen. Somatuko dut bere falta».
Jokin Ansorena
Kultur teknikaria
«Orain dela 25 urte ezagutu nuen, kultur etxean, Tolosara lanera etorri nintzenean. Hasieratik konturatu nintzen, Tolosak emango zizkidan gauza on etako bat izango zela. Bera izan zen kultur etxeko pintura tailerretako sortzaileetako bat, eta irakasle ere bai. Baina horrez guztiaz gain, Iñaki dena izan da Tolosako kulturarentzat. Punta-puntako margolaria, eta Tolosan nik ezagutu dudan artistarik handienetako bat. Dena den, bere dohain artistiko eta profesionalak ez dira ezer, bere gizatasunaren aldean. Gauza guztien gainetik, pertsona bezala, munduko txapelduna zen, eta horregatik gaude hemen. Bera bezalako beste norbait aurkitzea zaila dela uste dut».
Kike Amonarriz
Laguna
«Iñaki pertsona on bat izan da; fina, apala, umila. Artista izugarri ona izan da, nik uste dut Euskal Herrian izan dugun artistarik onenetako bat zela. Ziuraski ez da ezagutzera eman, bera halakoxea zelako; lana egiten zuen, baina apal, umil. Bere obra eta bere pentsakera ezagutu ez dutenentzat, ezagutzeak merezi duela uste dut. Tolosan, herrigintzan ezagutu dugu, mila istoriorekin konprometituta. Beti lanerako prest zegoen, eta pertsona irekia zen. Gozamena izan da Iñaki ezagutu izana».
Martxelo Otamendi: Ereindakoa jaso
Kristinarenak dira tituluko hitzak, ez nireak, larunbateko kanposantuko ekitaldi hunkigarriaren bukaerako esker solasean esandakoa.
Horixe izan delako, Iñaki, zure bizitza, eman eta eman, erein eta erein, besteok jasotzeko. Itzaleko gizona izan zara, espresioaren adiera onean, zintzoan, asko egin eta gutxitan agertzen den horietakoa. Beti laguntzeko prest, beti hitza ahoan eta pintzela eskuan, ez zenuen sekula ezezkorik esaten.
Gau eskolako irakasle, edozein ekitaldirako txartelak egiten, Triangulo eta Galtzaundi aldizkarietako diseinuetan, karlisten errodajeetan, eskulturen proiektuan, kultur etxean irakasle, Euskaldunon Egunkariaren absoluzioaren eskertza jaialdiaren txartela... Non ez zara ibili, Iñaki? Non ez zaitugu topatu laguntzen?
Gogoan dut Europa aldean lantzen ari ziren (arte) kale instalazioak gure herrira ekartzeko ahaleginean, nola jarri zenuten instalazio horietako bat Pablo Gorosabelen bustoa dagoen lorategi txiki horretan, Trianguloko horretan. Memoriak huts egiten ez badit, telebista bat, mahai bat...eta horrelako objektuak jarri zenituzten, kalean zebiltzanen harridurarako. Orduko zinegotzi batek, (arte) kale instalazio bat zer zen imajinatu ere egin gabe, udalaren brigadakoei ‘traste zahar’ haiek kale erditik kentzeko agindu zien. Sekulako barreak egin genituen zinegotzi haren erabakiaren justifikazioarekin. Gure gaiztoan, artikulu barregarria bidali ere egin genuen orduko kronikara.
Orain zauden lekuan, zinegotzi harekin egingo duzu topo, biak ala biak pertsona jatorrak izanda leku beretsuan ibiliko zaretelako. Txanpionek egiteko moduko film laburra irudikatzen dut, zu zinegotzi hari azaltzen, (arte) kale instalazioa zer den pintura ikasleei eskola ematen zenien goxotasun berarekin, eta zinegotzia zuri esanez: «Ulertu, Iñaki, zu aurreratuegi zenbiltzan guretzat». Eta biak barrezka.
Azken eskaera bat, Iñaki: ez kendu pintura behatz puntetatik. Horrela nahi, eta maite, zaitugu.