Korrikaren lehen pausoekin iritsi da lekukoa Tolosaldera; hotzak eta euriak ere ez dituzte euskararen aldeko aldarriak isildu
Villabonan argitasunaz gozatzeko aukera izan zuten euskalakariek, eta Irurara bidea hartu zuen euskararen aldeko lasterketak.
Hilaren 24an Baionan irakurriko dute, atzo hasitako Korrikako lekukoak barruan gorderik duen aldarria. Tolosaldean, 91 eskuk eman zioten euskara elkarri, Adunatik Ikaztegietara, pausoetatik hitzetara. Eta euskararen beroa izan zen, hain zuzen, hotza eta euriaren aurrean, milaka euskaltzaleren aldarriak epeldu zituena.
18. Korrika da atzo hasi zena, eta Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik abiatuta, berehala iritsi ziren, AEKko furgonetaren musika doinuak eta korrikalarien pauso sendoak, Tolosaldera; 17:10 inguruan sartu zen lasterketa, horrela, Adunan.
Zizurkil, Villabona, Irura, Anoeta, Tolosa, Ibarra, Altzo eta Alegia zeharkatu eta gero, Ikaztegietan eman zituen, Tolosaldeak, Korrikako azken pausoak.
Aurten, bereziki, euskara dakienak ez dakienari erakusteko deia egin dute antolatzaileek, eta Tolosaldea ere badoa helburu horren bila, guztiek parte hartu nahi izan baitzuten atzo, gazte, heldu zein haurrek.
Iluntzean, festa giroa izan zen eskualdeko herri askotan, Korrikaren pasaera aprobetxatuz, eta musika, janaria eta edaria izan ziren, besteak beste, Alegian eta Tolosan.
KORRIKA TXIKIAK: Gazteenen lekukoa
[gallery columns="2" ids="36918,36919"]
Korrika 18k Tolosaldeko haur eta gazteei ere euskararen uholdea ekarri zien atzo, eta hainbat ikastetxe eta herritan antolatu zituzten, Korrika Txikiak, euskara elkarri eramateko. Eguraldi txara medio, ordea, Tolosako nahiz Zizurkilgo Korrika Txikiak bertan behera geratu ziren. Adunan eta Ikaztegietan, ordea, irakasle, guraso nahiz ikasleek beren dortsalak soinean jantzita, aurre egin zieten Euskal Herriko neguari, euskaraz.