Euskadiko bihotza lelopean, Tolosaldea eta Goierri ezagutzeko gida turistiko berria aurkeztu dute bi eskualdeetako turismo arduradunek. Duela lau urte sinatu zuten elkarlanerako akordioa, eta duela urte eta erdi argitaratu zen gidak izandako emaitza onak ikusita, errekurtso eta esperientzia berriez osatutako gida eguneratua egin dute.
Familiako, banakako, edota negozio turismoari begirako, bi bailaratako produktu eta zerbitzu turistiko garrantzitsuenak bateratzen ditu gidak. Tolosaldea eta Goierriren artean, Gipuzkoako herrien erdia baino gehiago osatzen dutela nabarmendu dute Olatz Ilarregi, Tolosaldea Garatzeneko turismo arduradunak, eta Nikolas Osinalde, Goiturreko gerenteak: «46 udalerritako informazioa biltzen du gidak, beraz, oso osatua da».
Gida, gastronomia, natura eta kultura jorratzen dituen hiru zatitan banatzen da. Alderdi gastronomikoan, Tolosa eta Ordiziako azokak nabarmendu, eta horiekin batera, D'elikatuz eta Sukaltalkak bertan erositako produktuekin eskaintzen dituzten sukaldaritza tailerrak jaso dituzte. Sagardo eta txakolin dastaketak, eta egun batez gozogile edo artzain izateko esperientziak bateratu dituzte.
Naturaren arloan, berriz, oinez, bizikletaz, edo autoz egin daitezkeen ibilbide hainbat egiteko aukera luzatu nahi izan dute: Aizkorri edo Txindoki mendiak; garai bateko Plazaola trenak, Andoaindik Urtoko atsedenlekura, Leitzaran ibiaren albotik egiten zuen ibilbidea; Aralar eta Aizkorri-Aratzeko parke naturalak; Done Jakue bidearen iparraldeko ibilbidearen zatia; zaldian paseoak; museoak; eta abar luze bat.
Kulturarekin zerikusia duen atalak, berriz, hamasei museoen informazioa gerturatzen du: Zeraingo museo etnografikoa, Larraulgo ekomuseoa, Urmara, edo TOPIC-ena, besteak beste. Herrietako alde zaharrak eta Erdi Aroko eraikinak ere sartu dituzte.
Gourmet denda, jatetxe eta tabernen zerrenda ere eguneratu dute. Alor honetan lan berezia egin nahi izan dute bi turismo bulegoek, izan ere, bisitariek egiten duten kontsumoa jaitsi dela adierazi dute: «lo egiteko erreserbak, egon, badaude, baina ondoren, ez dira kanpora irteten jatera».
Gida, turismo azoketan
Bihartik aurrera, Donostiako Kursaal aretoan ospatuko den Sevatur turismo azokan banatuko dira gida hauek, Goierri eta Tolosaldeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzat izango duten erakusmahaian. Ondoren, Madrilgo Fitur-en edo Bartzelonako turismo azokan ere banatuko dituzte.
Guztira 10.000 ale egin dira, dena den, bada berritasunik. Izan ere, paperean eraman nahi ez duenak, QR kodearen bidez, PDF formatuan mugikorrera deskargatzeko aukera izango du.
Bestalde, Aste Santuko oporrei begira, itxaropentsu azaldu dira bai Osinalde, baita Ilarregi ere. Eskuartean dituzten datuak «lehengo urtekoak baino hobeak» direla dio Goiturreko gerenteak: «azken urteetako joeraren arabera, gainera, azken orduan erreserbak ugaritu egiten dira. Zein eguraldi izango den jakin arte ez dute erreserbarik egiten askok».
Bisitarien jatorriari dagokionez, Bartzelona, Madril eta Valentziatik iristen da turista kopuru gehien. Euskal Herritik, berriz, Bizkaitik eta Nafarroatik, «geroz eta gehiago» gerturatzen direla nabarmendu du Osinaldek.
Dena den, badute beste helburu bat: Tolosaldeko, zein Goierriko biztanleek ere bertako produktu eta zerbitzuak kontsumitzea. «Etxe barruan zer daukagun ezagutzea oso interesgarria da. Gainera, herritarrak izan behar dute bere lurren enbaxadorerik hoberenak» dio Osinaldek.