Euskal Herri osoko dantzek bat egingo dute Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 14a, 11:18

Udaberri dantza taldeak urteroko Dantzari Txiki eta Erromeria eguna antolatu du; hilaren 23an izango da jaia

Beste urte batez, Euskal Herriko zazpi herrialdeak elkartuko ditu dantzak, Tolosan, martxoaren 23an. Udaberri dantza taldeak zazpigarrenez antolatuko du Dantzari Txiki eguna, eta haur eta gaztetxoen festari jarraipena ematen dion erromeriak, berriz, zortzigarren urtea beteko du.

Honen harira, iaz 55. urteurrena ospatu zuen dantza taldeko kideek nabarmendu dute, euskal dantza eta ohiturei eskainitako egun honen ibilbidea: «Gutariko asko gaztetxoak ginen jai hau antolatzen hasi zirenean, eta oso pozgarria da, benetan, urtez urte festa honekin jarraitu ahal izatea».

Martxoaren 23ko egitarauari dagokionez, ez dute aldaketa nabarmenik aurreikusi. Goizean goiz, Euskal Herriko hamaika txokotako dantzari gaztetxoak iritsiko dira Plaza Zaharrera, eta hamaiketakoa banatuko diete.

Horrela, Udaberriko ikastaroetako neska-mutilekin batera, Errenteria (Gipuzkoa), Galdakao (Bizkaia), Hendaia (Lapurdi), Atarrabia (Nafarroa), Lesaka (Nafarroa) eta Gasteizko (Araba) 300 dantzari txiki bilduko dira Tolosan. Goizeko kalejira bi zatitan banatuko dute, eta dantzari batzuek Alde Zaharreko kaleak girotzen dituzten bitartean, gainerako gaztetxoak San Frantzisko pasealekuko ingurumarietan ariko dira oinak astintzen, 11:30etik aurrera. Eguerdi aldera, guztiak Trianguloa plazan elkartu, eta Plaza Berrira jaitsiko dira kalejiran, bazkaldu aurretik.

Hain zuzen ere, Tolosako elkarteen lana nabarmendu nahi izan dute, Udaberriko kideek, aurtengo Dantzari Txikiari begira: «Aurten elkarteetako zuzendaritzekin harremanetan jarri gara jaia antolatzeko, eta 300 neska-mutilei bazkaria emango diete. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Urdiña Txiki, Aurrera, Emendek, Ibaiondo, Iurre, Gure Kaiola, San Esteban, Ero-Etxe, Batasuna eta Lizardi elkarteei».

Indarrak hartuta, beraz, 17:00etan hasiko da emanaldi nagusia, Plaza Berrian, eta honekin borobilduko dute VII. Dantzari Txiki eguna.

Zerkausia festa gune

Haur eta gaztetxoen dantzei begira oinak astintzeko gogoz geratzen denak, iluntzetik aurrera izango du aukera, orduan hasiko baita, zortzigarrenez ospatuko dute erromeria.

Triki-txaranga poteoa 19:45ean abiatuko da Plaza Zaharretik, eta tabernaz taberna dantzan aritu eta gero, Zerkausian afari legea egingo dute elkartutakoek. Afalondoan, berriz, Zesuma musika taldearen doinuek dantzaraziko dute jendea, eta tartean Larrain dantza ere izango da.

Afari txartelek 15 euroko prezioa dute, eta Ikatza, Orbela, Raku eta Xirimiri tabernetan daude salgai. Udaberri dantza taldeko kideek, erromerian euskal jantzi tradizionalekin parte hartzeko gonbita egin diete herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!