Basogintzarako diru laguntzak eten edo izoztu dituzte Nafarroan

Ataria 2013ko martxoaren 14a

Nafarroako Gobernuak basogintzarako diru laguntzak eten edota izozteko erabakia hartu du. Neurriak eragin zuzena du herrietako aurrekontuetan, kasurik okerrenean, aurreikusia zuten diru kopuru bat ez delako helduko edota beranduago iritsiko baita. Leitza eta Aresoren kasuan, azken hori gertatuko litzateke, hau da, 2013rako espero zuten laguntza 2015ean iritsiko litzateke.

Ur Algero Aresoko alkateak azaldu duenaren arabera, «krisiaren eraginez, basogintza alde batera uzten ari dira Nafarroako Gobernutik». Euren kasuan, 2011  urtean izan ziren uholdeek eragindako kalteak konpontzea aurreikusi zuten 2013ko aurrekontuetan. Horretarako, gobernutik diru kopuru bat zegoen onartua, baina, azkenean bi urte barru jasoko dute. «Diru laguntza izoztu dute, eta hurrengo urteko deialdia kendu dutenez, printzipioz 2015era arte itxaron beharko dugu jasotzeko». Aresoko alkatearen hitzetan, beraiek baino egoera okerragoan geratu diren herriak badira, «izan ere, batzuk dagoeneko obra batzuk eginak dituzte diru laguntza jasoko zutelakoan, eta orain jakin dute ez dutela jasoko». Diru laguntza beranduago iristea espero den arren, konponketa horiekin jarraitzeko asmoa adierazi du Algerok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!