Uemako kide gisa onartuko dute Tolosa larunbateko batzar nagusian

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 13a, 09:07

Abenduko plenoan onartu ondoren, Tolosa, Uema udalerri euskaldunen mankomunitateko kide gisa onartuko dute, datorren larunbatean, martxoaren 16an, elkarteak Orion burutuko duen batzar nagusian.

Batzar horretan, ohiko gaiak jorratuko ditu mankomunitateak: egindako lanen memoria, eta urte berrirako egitasmoak. Azken hilabeteetan landu duten hausnarketa prozesuari ere amaiera emango zaio. Baina eguneko puntu nagusienetako bat, bost udalerriren onarpena izango da, tartean, Tolosa. Gainontzeko kide berriak, Zarautz, Lesaka, Lekeitio eta Munitibar dira.

Atzo Orioko kultur etxean egindako prentsaurrekoan, bost herri hauek hartutako konpromisoagatik, esker ona adierazi nahi izan zien Maren Belastegi, Uemako lehendakariak: «Guztion helburua denok elkartuta errazago lortuko dugulakoan, urrats garrantzitsua da Uemarentzat hauenak bezalako udalak gugana biltzea».

Larunbatetik aurrera, 69 izango dira Uema osatuko duten udalerriak, horietatik hamabost, Tolosaldekoak: Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu - Txarama, Lizartza, Orendain eta Orexa, hain zuzen. Eta Leitzaldeko Areso eta Leitza herriak ere kide dira.

Erakundeko kide izateko «ate joka» dauden beste herri batzuk ere badirela aipatu zuen Belaustegik, eta urratsez urrats, Uemaren helburu nagusietako bat lortzen ari direla aitortu zuen: «lurgunea zabaltzen ari gara. Hasieran herri txikiek osatzen zuten Uema, baina agerian geratu da herri handiak ere izan daitezkeela herri euskaldunak. Hori oso aberasgarria da guretzat. Txiki zein handi, euskaraz bizitzeak batzen gaitu».

Abenduan eman zion Tolosako osoko bilkurak oniritzia mankomunitatean sartzeko proposamenari. Honela, Tolosako Udalak 17.000 euro bideratuko ditu Uemara, eta bost bozeramale izango ditu: Ibai Iriarte, Lore Agirre, Hasier De los Rios, Miren Urkola eta Inaki Irazabalbeitia.

Aurrera begira

Bestalde, larunbateko hitzorduan, azken hilabeteetan lantzen aritu den hausnarketa prozesuari amaiera emango dio Uemak, aurrerantzean norabide berri bati ekiteko: «Hausnarketa luzea baina aberasgarria izan da» esan zuen Belastegik.

Batzarraren ondoren, Orioko kultur etxean ekitaldi instituzionala egingo dute proiektua «egi bihurtu duten» eragileekin. Bertan, mankomunitateak aurrera begira jorratuko dituen ildo nagusiak aurkeztuko dira, baita datozen hilabeteetan erreferentziatzat izango duten leloa ere.

Aro berriari «ilusio eta indarrez gainezka»  ekin diotela azaldu zuen Belaustegik: «Kimu berriak ernetzen ari dira euskararentzat eta gure ardura da kimu horiei hazten laguntzea indartsu lora dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!