Miel Mari Elosegi ‘Luze’, Nafarroako Bertsolari Txapelketatik at

Ataria 2013ko martxoaren 12a

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaletik kanpo geratu da Miel Mari Elosegi Luze. Pasa den larunbatean, Elizondoko Lur aretoan ospatutako finalaurrekoan, hirugarren sailkatu zen bertsolari leitzarra, eta beraz, ezin izango du martxoaren 23an, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ospatuko den finalean egon.

Larunbateko ekitaldian, Aimar Karrika izan zen garaile, eta hortaz, bertsolari auriztarrak jokatuko du txapela lortzeko lehia. Gertu-gertuan izan zituen Julen Zelaieta beratarra, bigarren, eta Luze, baina Karrikarentzat izan zen finalerako txartela.

Final horretan arituko den zortzikotea, beraz, erabakita gelditu da. Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga izango dira parte-hartzaileak. Ekitaldirako sarrerak jada salgai daude www.bertsosarrerak.eu atarian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!