Bioaniztasunetik: Gizakiaren kontura

Ataria 2013ko martxoaren 12a

Jon Ander Galarraga · Biologoa

Badira hiru animalia, animaliez tutik ez dakienak ere ezagutzen dituenak. Animalia hauek, txikiak eta izuak beraiek, gizakiaren atzetik ibili dira milioika urteetan zehar; gure migrazioetan zehar lagundu digute eta itsaso zabalak zein zeru goiak igarotzeko gai izan garen garaietan ere, gure atzetik joan dira, beste kontinenteak konkistatuz eta arazo ekologiko larriak sortuz. Animalia hauek ez dira gure gorputzetako parasitoak, baina bai gure gizartearen aprobetxategiak. Gure bizimoduak sortzen dituen hainbat hondakinez elikatzen dira eta arrakasta handia izan dute, tarteka osasun arazo bihurtuz.

Hirukote hauetatik lehenengoa eta txikiena, txolarrea edo torrotxoria (Passer domesticus) dugu, munduan hedapen handiena duen hegaztia, gure kontura beti ere! Nekazaritza sortu zenean hurbildu zitzaigun txoritxo hau, nonbait atsegin zituen guk landatutako zekaleak eta frutak! Gaur egun, ordea, ez da oso mokofina eta edozer gauza jateko gai da. Hala ere, badira, hiriguneetako txolarre eta herrietako txolarreen arteko ezberdintasunak. Dirudienez, herri inguruetako txolarreak askoz ere gehiago mugitzen dira janari bila eta atsegin dute, noizean behin, belardietara eta basoetara elikagai freskoak jatera joatea. Hiriguneetako txolarreak, ordea, askoz ere gutxiago mugitzen omen dira, eremu txiki batean edozein motatako elikagaiak baitituzte eskuragarri eta... Eskura edukita, zertarako mugitu? Txori txikia den arren, bere eremuak gogotsu babesten ditu eta heriotzerainoko borrokak izaten dira txolarre arren artean. Zergatik? Emeak lortzeko, zergatik bestela? Hemen... betikoa!

Bigarren animalia, etxe xagua dugu (Mus musculus). Badira beste hainbat xagu mota: landa-xagua (Mus sprestus), basasagua (Apodemus sylvaticus)... baina, etxeko xagua dugu denetan ezagunena eta askotan gorrotagarriena. Izan ere, xagu hau gure kontura bizitzera egokitu da. Atsegin ditu gure etxe eta ukuiluetan biltzen ditugun elikagaiak, eta hau gutxi balitz, oso ugalkorra dugu animaliatxo hau, urtean sei kumaldi eduki ditzakeelarik, kumaldiko 14 xagutxo jaioz! Esaten dute, xaguak hamar kilo gehiago pisatuko balute, mundua konkistatuko luketeela. Baina, hamar kilo gehiago pisatzekotan, hamar kilo gehiago jan beharko lukete eta hau egin ezean, hamar aldiz kume gutxiago jaioko lirateke... eta ez lukete mundua konkistatuko, gu gehiengoa izaten jarraituko baikenuke! Gora Homo sapiensa!

Azken animalia aurkezteko ordua iritsi da. Xagutxoak nahiko txiki eta maitakorrak diren arren eta azken honek xaguaren antza duen arren, ez du itxura oso maitakorra. Izan ere, xagua baino zertxobait handiagoa da, isatsa luze eta ilerik gabea du, ile lakatza eta mutur luzea. Animalia hau arratoia (Rattus norvegicus) da eta guk nahi ala ez, gure gizartearen zati da.

Gure hiri eta herrien azpian bizi da, hodietan barrena edo beraiek egindako galerietan barrena. Gautarrak dira orokorrean, atsegin zaie ura eta igerilari bikainak dira. Edozer gauza jateko gai dira, baita beraien artean ere. Urtero milioika euro gastatzen ditugu beraiek akabatzen. Gizakian tronbosia eta enbolia ekiditeko produktu bera erabiltzen da arratoiak akabatzeko.

Baina, ba al zenekiten etxeko xaguaren predatzaile nagusia dela? Agian, gure baserrietan, katuen partez arratoiak eduki beharko genituzte. Arratoiak etxekotzen hasi beharko genuke eta ugaltzeko gai diren abiadura ikusita, ziurrenik, pare bat urtetan, erabat etxekotutako arratoi espezie berri bat sortuko genukeela, zakurra bezain fidela eta katua bezain ona xaguak harrapatzen!

Azken eurite hauetan, gure ibaiak goraino egon dira urez eta arratoien bizi eremuak erabat urez bete dira. Gauzak horrela, hildako arratoiz beteta egon beharko lukete gure ibai ertzek. Baina ez da horrela izan. Arratoiek zentzumen berezi bat ote dute ibaien igoerak atzemateko?

Ez dut animalien seigarren zentzumenean sinesten. Dakidan gauza bakarra, arratoiek lurpean galeria ugari egiten dituztela da, maila ugaritan zehar, Londresko metroa bezala. Ibaiak igotzean, beheko mailak izaten dira lehenak urez betetzen, guk gure etxetik ibaia goraka doala atzeman aurretik, arratoiak beheko galerietatik gorantz doaz ihesi. Eta nora ote doaz? Gauean gure kaleetan kamerak ipiniko bagenitu, ehunka arratoien migrazioak ikusiko genituzke, inguruko mendi eta teilatuetan barrena ihesi. Ikusten ez badugu ere, ez du esan nahi ez denik gertatzen!

Eta ikusi behar duzuena www.euskalnatur.net orrialdea da. Merezi du, gure fauna eta floraren entziklopedia bikaina baita. Eta bestelako edozer zuzenean esan nahi badidazue, idatzi bioaniztasunetik@hotmail.com-era edo zure etxera konpostagailu bat ipintzera doan biologoari galdetu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!