Doneztebeko frontoian Xabier Mindegiari apustua irabazi eta gero, 3.000 euro eskuratu ditu aizkolari leitzarrak
Apustu historikotzat jo dute batzuek pasa den igandean Doneztebeko (Nafarroa) frontoian jokatutakoa. Ruben Saralegi aizkolari leitzarrak, 34 segundogatik irabazi zion apustua, Xabier Mindegiari, 3.000 euro irabaziz.
22 urteko leitzarrak, 39 minutu eta 52 segundo behar izan zituen hamar kanaerdiko eta bi oinbiko ebakitzeko, bere lehen apustuan: «Urduritasun pixka batekin hasi nintzen, alde batetik, nire lehen apustua zelako. Era berean, ordea, segurtasuna ere banuen, etxean lan ona egiten aritu naizela banekielako; han lan hori egiteko esperantza nuen, beraz. Jendeak, gainera, babes handia erakutsi dit, eta oso gustura nago».
34 segundok besterik ez zuten banandu aizkolari baten eta bestearen lana, eta 29 urteko Xabier Mindegiak, 40 minutu eta 26 segundotan amaitu zituen egin beharreko lanak; azken urteotako aizkora apusturik estuena izan zen, horrela. «Hasieratik oso parean joan ginen. Gainera, bera egur gogorrekin hasi zen, eta ni bigunekin; une batean, beraz, ez genekien nor ote zihoan aurretik. Lan erdietan, oso tarte txikiarekin aurretik pasa nintzen, eta azken bi kanaerdikoak falta zirela ere, sei kolpeko aldea bakarrik nuen. Apustua oso estua izan zen uneoro, beraz». Lehia honen lekuko, 400 ikusle inguru bildu ziren Doneztebeko frontoian, eta txalo zaparrada artean eman zioten amaiera apustuari.
Txapelketak prestatzera
«Orain, momentuz, deskantsatu egingo dut», azaldu du aizkolariak. Bere lehen apustua ondo atera zaio, eta esperientzia «oso ona» izan dela nabarmendu du; horregatik, ez du ezezkorik esaten, beste apusturen bat burutzeko aukeraren aurrean: «Aizkoran, betiere, apustuek beste giro bat sortzen dute, eta beste prestigio bat ere badute. Nik, hasi nintzenean, apusturik egiteko asmorik ez nuen, baina Mindegiak erronka bota zuenean, egiteko aukera ikusi nuen, eta hartu egin nion». Orain, hala ere, Nafarroako zein Euskal Herriko federazioko txapelketak prestatzeari ekingo dio Ruben Saralegik.