Datorren martxoaren 24an egingo den 45. mendi martxarako izen emate epea ireki du jada Villabonako Aizkardi elkarteak. Aurtengo ediziorako, Buruntzaldeako mendiak zeharkatuko dituen bina ibilbide eratu dituzte: bata, motza, 22 kilometroko luzerakoa, eta bestea luzeagoa, 45 kilometro ingurukoa. Azken hau, gainera, Euskal Herriko ibilbide luzeko mendi martxen XII. zirkuiturako puntuagarria izango da. Bertan parte hartu ahal izateko 14 urte izan behar dira gutxienez.
Goizaldean abiatuko dira ibilaldi luzean parte hartuko dutenak, 06:30ak aldera. Guztira 2.500 metroko desnibela izango duen 45 kilometroko ibilbidea egin beharko dute partaideek. Villabonatik hasita, Basopeta (300 m), Eskatzu (512 m), Andatza (560 m), Juanasoro (330 m), Oria-Lasarte, Gurutzeta (165 m), Santa Barbara (239 m), Hernani, Onddi (540 m), Arlegor (600 m), Adarra (814 m), Eteneta (710 m), Lapurtxulo (590 m), Leitzaran, eta Mandabieta (250 m) zeharkatuko dituzte. Antolatzaileek, hamar orduko iraupena izango duela aurreikusi dute.
Ibilbide laburreko parte hartzaileak, berriz, goizeko zortzietan abiatuko dira eta bost orduz arituko dira ibilian. Bideak, baina, ezaugarri ezberdinak izango ditu: 22 kilometroko luzera eta 1.100 metroko desnibeleko bidea egin beharko dute. Villabonan bertan izango da irteera, eta ondoren, Lepasoro (105 m), Eskatzu (512 m), Andatza (560 m), Juanasoro (330 m), Atxulondo (165 m), Erdoizta Basoa (370 m), Belkoain (489 m), eta Basopeta (300 m) igoko dituzte.
Historikoki, parte hartzaileen gehiengoak, ia %70ak, ibilbide luzerako eman izan du izena, baina azken urteotan dinamika hau puskatzen joan da, eta pertsona kopurua ia berdindu egin da bi ibilbideetan. Aldaketa hori, adin, helburu eta prestaketa maila ezberdinetako pertsonak parte hartzen dutenaren erakusle dela diote antolatzaileek.
Bestalde, Aizkardik lokal bat ahalbidetuko du aurreko gauean bertan lo egin nahi dutenentzat, edota egunean bertan aldatzeko arropa utzi behar dutenentzat. Gainera, ibilbidea burutu ondoren, Olaederra kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute.
Izena emateko hiru modu daude: www.zirkuitua.com webgunean, Aizkardi mendi elkartean (ostegunetan, 20.00etatik 22.00etara), edo egunean bertan, irteeran. Informazio gehiago eskuratzeko, 649 71 71 82 zenbakira dei egin edo ibilaldia@aizkardi.com helbidera idatzi daiteke.
Ezaugarriak
Ibilbide luzea
Luzera. 45 kilometro.
Desnibela. 2.500 metro.
Iraupena. 10 ordu.
Irteera ordua. 06.30.
Ibilbidea. Villabona, Basopeta, Eskatzu, Andatza, Juanasoro, Lasarte, Gurutzeta, Santa Barbara, Hernani, Onddi, Arlegor, Adarra, Eteneta, Lapurtxulo, Leitzaran, Mandabieta eta Villabona.
Ibilbide laburra
Luzera. 22 kilometro.
Desnibela. 1.100 metro.
Iraupena. 5 ordu.
Irteera ordua. 08.00.
Ibilbidea. Villabona, Lepasoro, Eskatzu, Andatza, Juanasoro, Atxulondo, Erdoizta Basoa, Belkoain, Basopeta eta Villabona.