Aurrez aurre begiratu beldurrari

Ataria 2013ko martxoaren 8a

Martxoaren 8ak hamaika eta bat efemeride biltzen ditu; Emakumeen Nazioarteko Eguna da, ordea, gaurko eguna egutegian nabarmen egiten duena. 1908ko martxoaren 8an 146 emakume hil ziren AEBtan, New York-eko lantegi batean. Soldata eskasak eta lan baldintza txarrak zirela medio, protesta egiteko elkartu ziren emakume langile haiek; suzko bonbak jaurti zizkieten, ordea, izugarrizko sutea eraginez.

Duela ehun urte gertatu zen haren ondotik, gizartean errotzen ari den eguna da Emakumearen Nazioarteko Egunarena, eta horren erakusle dira, Tolosaldean eta Leitzaldean honen harira antolaturiko hainbat jarduera, ospakizun eta aldarrikapen.

Norbere eskubideen alde protesta egiteko hainbat baliabide erabil daitezke, eta artea aukeratu dute, besteak beste, Tolosako Emakume Artisten taldeko kideek, Aurrez Aurre erakusketan. Margolan, collage, eskultura zein argazki formatuan, gaur egungo emakumeen kezka, beldur, gogo eta aldarrikapenei forma eman diete horrela.

Jendarte eredu berrien bila

Ospakizunez gain, ordea, eguneroko bizitzan benetan kezkagarriak suerta daitezkeen egoeren inguruko gogoeta egin du, martxoaren 8aren harira, Bilgune Feministak. Besteak beste, «harreman eredu justu eta parekideen alde» egin behar dela uste dute, bide horri jarraituz «jendarte eredu berri baten bila».

Gaur egungo krisi egoeraren sorburua «sistema kapitalista patriarkala» dela nabarmendu dute, eta Euskal Herriari begira jarriz, bertako egoera sozioekonomikoaren gainbehera azpimarratzekoa iruditzen zaie; murrizketak, lan nahiz hezkuntza erreformak edo etxebizitza eskubidearen urraketak aipatu dituzte.

Honek guztiak, ordea, gizarte osoari baino areago, emakumeei bereziki eragiten diola salatu du Bilgune Feministak: «Jendarteak ezartzen dizkigun funtzioak direla eta, emakumeoi zuzenean eta era lazgarriagoan eragin digute murrizketa hauek. Izan ere, lan merkatutik kanpoko lanak egiterakoan, behar hauek enplegu gisa ulertzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu izan».

Hitz batean, krisi honen ondorioek beldurra sortzen dutela diote: «Baina emakumeok argi dugu, beldurrarekin hausteko modurik hoberena, bakarrik ez sentitzea dela: elkartu eta erantzun kolektiboak eraiki behar dira».

Horrela, norberaren bizitzak, beharrak eta nahiak erdigunean kokatuko dituen ereduen bila joan beharra azpimarratu dute: «Jabetza kolektiboan oinarrituz, lanaren banaketa erreala eta pertsonen arteko diferentziak gainbalio gisa hartuko dituen bizi eredua sortu nahi dugu».

Bide honi jarraituz, emakumeen eta herriaren burujabetza lortzeko lanean jarraituko dutela azaldu dute, eta horretarako deia egin ere bai: «Elkarlanaren aldeko deia egin nahi dugu, eta feminismoa bera alternatiba gisa ulertuz, jarrai dezagun eskubideen aldeko borrokan».

1tolosa@hitza.info

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!