Ezin maita daiteke ezagutzen ez dena

Ataria 2013ko martxoaren 8a

Adiskidetasunezko agurra da salam, abegi ona adierazteko hitza. Kultura eta tradizio ezberdinen arteko komunikazioari bidea irekitzen diona, beraz. Horixe da, hain zuzen, Salam, beste kultura batzuei irekitako leihoa erakusketaren muina: ohitura, historia eta tradizio ezezagunak gertuagoko sentiaraztea.

Esaera arabiar batek omen dio, ezin maita daitekeela ezagutzen ez den hori. Casa Libia kultur elkarteak antolaturiko erakusketa Tolosaldea Garatzen agentziako migrazio sailaren eskutik iritsi da, horrela, Tolosako Aranburu jauregira, eta hilaren 30era bitarte ikusgai izango da.

Salam egitasmoan leihoek garrantzia berezia dute, «kanpokoarentzat irekita dagoen leihoaren metaforak elkar ezagutzearen kontzeptua biltzen baitu». Honekin batera, erakusketaren beraren muntaketan eta diseinuan eragin nabarmena dute leihoek.

Herrietako etxe eta auzoetan ohikoak diren leihoz leihoko bizilagunen solasaldiek, gainera, elkartasun kutsurik ere badute antolatzaileen arabera.

Bide honetan, leihoa bera erabili dute Salam erakusketan, «nahitaez elkar ulertzera deitutako bi mundu» uztartzeko. Aranburu jauregian, beraz, kristau erlijioko katedraletako beirazko leihoak, arte islamiarraren erreferentziak biltzen dituzten markoekin nahasiko dira, «iraganaren eta orainaren, eta Ekialdearen eta Mendebaldearen uztartze harmonikoa lortuz».

Al-Andalusekiko loturak

Mendeak eta mendeak atzera eginda, musulmanek basamortuan hasitako bidaia jarraitzeko proposamena egingo dio Salam, beste kultura batzuei irekitako leihoa erakusketak, bisitariari. Modu honetara, askok horren urruneko kulturatzat dutena beren arbasoetako batzuena izan zela jakingo dute.

Panelen bidez antolatu dute, arduradunek, bisitariaren ibilbidea; norberak ikusiko du, ordea, nondik nora jo behar duen. «Aterik gabeko espazio honetan, denak ongi etorriak izango dira, eta espazio libreek elkarrekin harmonian bizitzeko balio dutela islatuko da».

Horrela, herrialde arabiarren aspaldiko ohiturak, oraindik ere bizirik dirautenak, istorioak, objektuak, kolore eta materialak... ezagutzeko txokoa prestatu dute Aranburu jauregiko beheko solairuan.

Besteak beste, uraren garrantzia, erlojuak, basamortuko elikagaiak nahiz mendeetan barrena doinuak aireratu dituzten musika tresnak ikusi ahal izango dira. Asteartetik ostiralera bitarte zabalik izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta informazio gehiagorako, www.salam-expo.org web ataria bisita daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!