Lehenengo aldiz jokatuko du apustua Ruben Saralegi (Leitza, 1990) aizkolariak. Xabier Mindegia izango du aurrean, igandean, Doneztebeko (Nafarroa) eskoletako pilotalekuan, 12:30ean hasiko den norgehiagokan. Aizkoran denbora luzez ariko dira; zehazki, 10 kanaerdiko eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu, eta apustua bertatik bertara ikusi nahi duenak 30 euro ordaindu behar ditu.
Nola sortu zen apustua egitearena?
Nafarroako Bigarren Mailako Txapelketa jokatu genuen azaroan, Donezteben. Nik txapela eraman nuen, berak bigarren egin zuen, eta nik 48 segundo atera nizkion. Dirudienez, ez zen gustura gelditu; adar bat ere pasa omen zuen, eta iruditu zitzaion niri irabazi ahal zidala. Aste horretan bertan apustua bota zidan.
Zer lan egin zenuten final horretan?
Orduan bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki genituen; apusturako duguna baino dezente gutxiago izan zen.
Apusturako duzuen adinako lana egin duzu aurretik?
Ez, behin ere plazan egin dudan lanik luzeena izango da. 40 minutu inguruko proba aterako da. Denbora horren azpitik moztu nahiko nituzke nik.
Nola doaz luzera horretako lana prestatzeko entrenamenduak?
Normalean baino entrenamendu luzeagoak egin ditut, gero proban ondo aritzeko. Ordu bateko eta 50 minutuko saioak-eta egiten ari naiz aizkorarekin.
Gogorra izaten ari da prestaketa?
Entrenatzea gogorra da, ordu bat aizkoran aritzea. Gero, lan fisikoa ere egiten ari naiz. Gogorra da, baina aizkora gustatzen zaigu eta entrenatu beharra dago.
Zer lan fisiko egiten duzu aizkorarekin aritzeaz gain?
Mendian ordu pare batez ibili, edo korrika aritu. Gimnasioa tarteka egiten dugu; ez dakigu ona den ala ez, asko eginez gero aizkorarako gastatu egiten zaitu-eta.
Apusturako iraupen handia izatea garrantzitsua izango da, ezta?
Iraupena eta indarra oso ondo tartekatu behar diren kirola da aizkora. Indarrarekin bakarrik ezin da ezer egin, eta iraupen handia baduzu, baina indarrik ez, alferrik da. Nahiko zaila da, beraz, ondo aritzeko biak zenbateraino entrenatu behar diren jakitea. Gero, nola ebakitzen den oso garrantzitsua izaten da. Gaizki mozten hasten bazara, indar eta denbora asko galtzen duzu, eta buruarentzako ere oso txarra da.
Zein izango da apustuaren gakoa?
Nire ustez bakoitza bere erritmoan hasiko gara, aurkariari kasurik egin gabe. Zuk badakizu etxean lan hori nola egin dezakezun, eta orduan zure erritmoa hartu eta etxean egindako lan berdina egitera joan behar duzu. Aurkariari begira hasten bazara eta berari jarraitu nahian, erritmotik ateratzen zara eta gero agian ezinean aritzen zara. Nik uste dut bakoitzak bere lana egingo duela. Gero, egurrak erdibana eramango ditugu: nik zortzi kanaerdiko eramamgo ditut eta berak bi oinbikoak eta bi kanaerdiko. Egurra samurragoa edo gogorragoa eraman daiteke. Ea berak nolakoa eramaten duen.
Nolako egur mota komeni zaizu?
Etxean denetik moztu dut, eta horrela egin beharra dago, besteak ez dakizulako nolako egurra eramango duen. Niri ez dakit zer komeniko zaidan; nik nahiko normalak eramango ditut.
Bazenuen gogoa apustu bat egiteko?
Aizkoran beti izan dira apustuak. Txapelketekin alderatuta, gauza garrantzitsuagoa izaten da. Ez nuen asmo handirik apusturik jokatzeko, baina bera etorri zenez apustua egitera, eta nahiko ongi nengoenez une horretan, irabazteko aukerak ikusi nituen eta apustua onartu nuen.
Mindegiak 29 urte ditu. Eskarmentua bere alde izango du.
Bere hirugarren apustua da, eta urduritasunak ez dio niri bezainbeste eragingo. Nik ez dakit urduritasunak zenbaterino eragingo didan, lehenengo aldia baita; ea urduritasunak ez didan pasada txarrik jokatzen.
Txapelketetako finaletan ere aritu zara. Hor ere urduritasuna izango da, ezta?
Bai, txapelketetan eta finaletan beti izaten da urduritasuna. Norberak badaki etxean zer lan egiten duen, norberak badaki nola dagoen, baina beti izaten da zalantza ongi egon arren gero plazan zerbait ondo ez ateratzea. Saiatu behar dena da ahal den urduritasun gutxiena izaten eta ahal den hotzena jokatzen.
Prestaketak zeinekin egiten ari zara?
Daniel Vicente osabarekin eta Eneko anaiarekin ari naiz prestatzen. Apustura bi laguntzailerekin joan ahal da. Osabak ebakiekin lagunduko dit eta anaiak aizkorak ematen. Entrenamenduak batera egiten ari gara.
Zer giro dago Leitzan apustuari begira?
Nik uste dut jendea animatuko dela apustura joaten. Jendeak beti galdetzen du zer moduz zauden, nola ikusten duzun, erdi brometan ea zure alde dirua jokatuko duen... Nik uste dut elkartuko dela jendea.