Tolosaldeko milaka lagunek euskara elkarri emango diote hilaren 14an

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 7a, 10:19

Korrika 18 aurkeztu dute Tolosan, eta agintariei euskarari bultzada bat emateko eskatu diete

Jaione Rodriguez, Juanmari Urruzola eta Unai Balda, Lizardi elkartean egindako aurkezpenean.

Andoainen hasiko da martxoaren 14an, bi urtez behin euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen Korrika jaia. Tolosaldean milaka euskalakari izaten ditu AEKko euskaltegiek antolaturiko egitasmoak, eta aurten, lehen egunean bertan helduko diote lekukoari, eskualdeko herritarrek.

Lizardi kultur elkartearen egoitzan aurkeztu dute hemezortzigarren Korrika, Tolosaldeari begira, eta agerraldian, Korrikako batzorde nazionaleko kide den Juanmari Urruzola, Korrikako koordinatzaile Unai Balda eta AEKko irakasle den Jaione Rodriguez izan dira.

Unai Baldak, besteak beste, Korrika Andoainen abiarazi aurretik, jaia girotzeko burutzen duten Korrika kulturala gogora ekarri du: «Dagoeneko hainbat jarduera burutu dira, bai maila nazionalean, eta baita eskualde mailan ere». Horrela, antolatu duten mus txapelketan, esaterako, Tolosaldeko finala Ikaztegietan burutu zuten, duela bi aste; Andoainen bertan izango da, Euskal Herri mailako finala, datorren martxoaren 16an.

Honez gain, Loatzo musika eskolak emanaldi berezia eskainiko du astelehenean, Adunan, eta korrika txikia ere egingo dute, Tolosaldeko ia herri guztietan bezala. Alegian, berriz, lasterketa pasa ondoren, zahagi ardoa izango da. Aipatzekoa da, larunbat honetan eskuragarri izango dela Korrika 18ren materiala, Tolosako Trianguloan.

Lekukoaren lehen pausoekin

Korrika 18ren lehen egunean zeharkatuko ditu, lasterketak, Tolosaldeko herriak; lekukoaren lehen pausoak izango dira, beraz, bertakoak.

Jaione Rodriguezek azaldu bezala, «duela bi urtekoaren antzeko ibilbidea jarraituko du, aurten ere, Korrikak». Honenbestez, 17:10 inguruan sartuko dira euskararen aldeko aldarriak Adunan, eta Villabonako kaleetara 17:33ak aldera iritsiko dira. Jarraian, irurarrek helduko diote lekukoari, 17:46 inguruan, 17:59ean anoetarrei eskuz esku pasatzeko.

Tolosan 18:10 aldera pasako da, lehen aldiz, lasterketa, eta Ibarra aldera abiatuko dira euskalakariak, 18:43ak inguruan. Ibarran itzulia egin eta gero, Tolosara itzuliko da berriz AEKko furgoneta, eta korrikalariek Alegia alderako bidea hartuko dute. Azkenik, Ikaztegieta izango da Korrikak zeharkatuko duen eskualdeko azken herria.

Dakienak ez dakienari

Aspaldi esan zuen Joxean Artzek: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako, baizik». Baieztapen honen muinari heldu diote, hain zuzen, aurtengo Korrikako antolatzaileek, eta «dakienak ez dakienari erakutsi behar diola» azpimarratu du Juanmari Urruzolak.

Horrela, beraz, Eman euskara elkarri lelopean, euskara erabiltzeko eta zabaltzeko deia egingo dute. «Euskarak kohesiorako tresna izan behar duela uste dugu, euskal herritar guztiok gure artean komunikatzeko lanabesa. Horregatik, aurtengo Korrikako irudian Euskal Herriko aniztasuna nahiz hainbat errealitate ezberdin ere irudikatu nahi izan ditugu: lantegia, Nafarroa, ikurriña, irakaskuntza, musika, kirola,... Aniztasunak elkarrekiko errespetua dakar, eta hizkuntza aniztasunari begira jarri nahi izan dugu ideia hori», azaldu du Urruzolak.

Hizkuntza aniztasunarekin lotuta, euskara UNESCOren hizkuntza gutxituen zerrendan ageri dela gogora ekarri du Juanmari Urruzolak; zerrenda horretan agertzen den arren, ordea, «bultzada berezi bat behar du, ez baikaude arriskutik urrun». Honegatik guztiagatik, agintariei eta erakundeei dei berezia egin nahi izan diete AEKk eta Korrikak: «Euskara bultzatzeko eta babesteko esfortzu berezia egin behar dute, eta herritarrek ere parte hartu behar dute, ezinbestean, horretan».

Korrika  Tolosaldean

Martxoak 14, osteguna

Aduna. 17:09

Villabona. 17:33

Irura. 17:46

Anoeta. 17:59

Tolosa. 18:11

Ibarra. 18:43

Tolosa. 19:00

Alegia. 19:07

Ikaztegieta. 19:52

Milaka euskaltzalek korri egin zuten, Tolosaldean, 2011n ere.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!