Gatazkan dauden langileei babesa azaldu eta manifestaziora deitu dute

Ataria 2013ko martxoaren 7a

Hego Euskal Herrian gatazkan dauden hainbat enpresa komitek bi manifestazio antolatu dituzte larunbatean, martxoaren 9an, Gaurko borroka, biharko enplegua lelopean. Mobilizazio bat Iruñean izango da, eta bestea Bilbon. Eskualdeko hainbat langilek euren atxikimendua azaldu nahi izan die enpresa komite hauei, eta Tolosaldeko langileak eta herritarrak Bilboko manifestaziora deitu dituzte. Mobilizazioa 17:30ean irtengo da Jesusen Bihotzatik.

Hain justu, manifestazioaren helburuetako bat langileen arteko elkartasuna da, eta atzoko prentsaurrekoan hori irudikatu zuten eskualdeko langileek: «Enpresa komite desberdinetako kideek antolaturiko manifestazioarekin bat egin nahi izan dugu gaur hemen gaudenok. Bakoitzak bere errealitatetik, enpresetan burutzen ari garen borrokak ez direlako, borroka indibidualak izan behar». Egoeraren gordina kontuan hartuta, elkarrekin joatearen garrantzia behin eta berriz azpimarratu dute: «Gero eta enpresa gehiagotan ari gara langileak egoera antzekoak pairatzen eta beharrezkoa ikusten dugu denok batera, bakoitza bere gatazka partikularretik, gatazka hauek guztiak kalera batera ateratzea».

Prentsaurrekoa eskaini zuten langileen esanetan, «egoera jasanezina da», eta «erasoak etengabeak sektore guztietan». Praktikan enplegu politika eraginkorrik ez dela egiten esan dute, «nahiz eta gobernuak etengabe enpleguaz hitz egiten aritzen diren».

Grezian aplikatutako neurriak aplikatzen ari direla, eta kaleratzeak mehatxu bezala erabiltzea ere salatu dute. Prentsaurrekoan agertu diren langileekin batera, Tolosaldeko enpresa komite ugarik egin dute Bilboko manifestaziorako deialdia.

Leitzatik Iruñera

Leitzako ezker abertzaleak Iruñeko manifestaziora joateko deialdia luzatu du. Nafarroako hiriburuko mobilizazioa 18:00etan hasiko da, larunbatean. Nafarroan dagoeneko 234.520 langabetu daudela salatu dute ezker abertzaletik, «eta horietatik soilik %55,5ak jasotzen du langabezia saria, saria deitu badaiteke». Egoera ilun honi aurre egiteko herritarrak manifestaziora deitu dituzte.

Atxikimenduak

Enpresa komiteak

Munksjö Paper, Artes Graficas Laga, Antalis Envelopes Manufacturing, Cicarsa, Cartonajes Limousin, Gamesa Asteasu, Insalus urak, Sode SA, Guibe Tailerrak, Borobil, Zuhaizki, Lantier, Cadinox, Inoximek, Man Truck Bus Iberia Norte, eta SAM.

Norbanakoak

Tolosaldean txitako lantegietako langileak:

Emusi, Caldereria Urto,

Gorostidi eta Amarotzeko papelera.

Beste langileak:

SAM, Casa Ezeiza, Unipapel, Obeki eta Fudike.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!