Espainiako bandera jartzearen aurka azaldu dira Tolosaldeko udalak

Ataria 2013ko martxoaren 6a

Udaletxeetan Espainiako bandera zintzilikatzeko «inposizioaren» aurka agertu ziren Tolosaldeko 28 herrietako udal ordezkariak, Asteasuan egindako agerraldian.

Eurei aukeratu zieten herritarren nahi eta borondatearen aurka doan agindua dela aldarrikatu zuten udalerrietako ordezkariek: «Gure herritarrek aukeratuak izan ginen eta beraiei zor diegu gure funtzioa. Euren beharrak artikulatu eta gauzatzeko bidean oztopo bat da Espainiako agintariek ezarri duten lege hau. Egin nahi ez dugun zerbait egitera indarrez behartu nahi gaituzte».

Otsailaren 14an eskualdeko eragile sozial, politiko eta sindikalek plazaratutako hausnarketarekin bat egin zuten ordezkariek, esku artean dutena, «herri gisa dugun arazoa» dela adieraziz. «Ez da arazo instituzional bat, ezta udalean topatu dugun arazo tekniko bat ere».

Euskal instituzioetan Espainiako bandera zintzilikatzeko aginduaren atzean, «Euskal Herria mendean hartzeko, eta horrela irudikatzeko estrategia oso bat dagoela» salatu zuten, eta herritarrei horren inguruan ohartarazi nahi izan zieten: «Ez gara espainiarrak, ez eta frantsesak ere, eta guk ordezkatzen ditugun herritarrei dei egiten diegu hala adieraz dezaten».

Pilar Legarra, Asteasuko alkateak irakurritako testuari, Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Amasa-Villabona, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Zizurkil eta Tolosako alkate eta zinegotziek eman zioten atxikimendua.

Mobilizaziora deitu dute

Eskualdeko udaletako hautetsiek ordea, «Euskal Herriaren aitortza eta burujabetza lortzeko lan egin, eta euskal herritarron nortasun eta identitate zeinuak sustatzeko konpromisoa» hartzen dutela berretsi zuten. Euskal Herria nazio gisa agertzen den ikurrak babestu eta zabaltzeko neurri zehatzak abian jarriko dituztela ere esan zuten.

Bide horretan, Tolosaldeko eragile sozial, politiko eta sindikalek udaletan aurkeztutako mozioak babestu eta, datorren larunbatean, hilak 9, Tolosan burutuko den manifestazioan parte hartuko dutela baieztatu zuten. Era berean, herritarrei, bertaratzeko deia luzatu zieten.

Manifestazioa, eguerdiko hamabietan irtengo da Triangulo plazatik. San Frantzisko ibilbidean gora joango da ondoren, eta Nafarroa etorbidetik barrena, Ibarrarako sarbidean dagoen biribilgunera jaitsiko da. Handik, Plaza Zaharrera abiatuko da. Bertan emango zaio amaiera manifestazioari ekitaldi baten bitartez. Ibilbide osoan zehar, manifestazioaren buruan, ikurrina erraldoi bat daramatela joango dira udaletako ordezkariak.

Datua:28

Tolosaldeko udal guztiak bat eginik. Eskualdeko udalerri guztietako hautetsiek eman zioten atxikimendua manifestuari. Udal guztiek ez zuten ordezkaritzarik izan agerraldian. Hogeita hiru herrietatik, gutxienez ordezkari bat izan zen, horietako 21, alkateak. Alegia, Altzo, Asteasu, Ibarra eta Amasa-Villabona izan ziren ordezkari kopuru gehien eraman zituzten herriak.

Zozketako sariduna

Bestalde, Amasa-Villabonako inposizioaren aurkako eta ikurrinaren aldeko herri ekimenak antolatutako zozketaren zenbaki sariduna, 430a izan da. Irabazleak, Euskal Herriko produktuez osaturiko saskia jasoko du, beraz, jabeak kontaktuan lehenbailehen jarri beharko du 619 529 164 telefono zenbakira deituz  edo

baiehbillabona@gmail.com helbidera idatziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!