Korrikaren alde, Loatzok emanaldia eskainiko du

Ataria 2013ko martxoaren 6a

Loatzo musika eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute hilaren 11n, astelehenean, Korrikaren alde. Kontzertua 18:30ean hasiko da Adunako plazan, eta ondoren, argazkia eta merienda egongo dira. AEK euskaltegiak antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa hilaren 14an iritsiko da eskualdera, eta Adunan, 15:00etan Korrika Ttikia antolatu du eskolak. Herrira 17:00ak inguruan iritsiko da Korrika. Bentan, Iñaki Gorostidi hasiko da korrika, Muxkil elkartea ordezkatuz; Zubi Txiki iturrian Txulobikoek hartuko dute; Andretegiko kruzean Miren Genuaren txanda izango da, guraso elkartearen izenean; hilerri inguruan, Arantxa Aburuza ezker abertzaleko kideak hartuko du lekukoa; Giburuko biribilgunean, eskolako ikasle eta irakasleak izango dira protagonista, eta Uztartzako biribilgunean, udalaren eta gazteen txanda izango da.

Bestalde, Alegialdeko Korrika batzordetik azaldu dutenez, Korrika herritik igaro ondoren, herriko plazan Zahagiardoa jarriko dute, 21:00etatik aurrera. Herritar guztiak gonbidatu dituzte bai korri egitera, eta baita jaira ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!