Zero zabor eskualdea bilakatzeko asmoa berretsi du mankomunitateak

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 6a, 08:15

Tolosaldeko Zabor Mankomunitateak zero zabor eskualde izateko bidean urrats berriak iragartzen jarraitzen du. Azken erabakia, atzo bertan esplikatu zuen:   «Anoeta, Irura, Alegia, Amasa-Villabona eta Zizurkilek atez ateko bilketari ekingo diote uda aurretik».

Ainhoa Ugalde Irurako alkate eta mankomunitateko lehendakariak, eta Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak egin zuten iragarpena atzo Orendainen, udalerri guztietako arduradun politikoen babesarekin. Hiri hondakinen arazoa larria dela esan zuten, eta ingurumen krisia jasanezina: «Hondakin asko sortu eta nahastuta botatzen ditugulako zabortegiak gainezka daude, natur baliabideak edo lehengaiak agortzen ari dira, eta kutsaduraren eraginez gure osasuna kaltetu eta ingurumena arrisku bizian jarri dugu».

Zero Zabor helburura iristeko, hondakinak bereiztea eta bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea lehen urratsak direla azaldu zuten: «Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Beraz,  %80 edo %90 birziklatze tasa batera iristea izan behar du gure helburua, eta aldi berean, hondakinen kopurua gutxitzean ere pentsatu behar da».

Mankomunitateko ordezkarien esanetan, maila hauetara iristeko, hondakinen inguruan ohitura eta ikuspegi aldaketa beharrezkoa izango da, baina helmugak merezi duelakoan daudenez, bide horretan «ziurtasunez» doazela diote: «Eskualdean, herri asko dira zero zabor bidean pausoak eman dituztenak, eta jada bilketa sistema berria martxan duten herriak ere badira».

Horietako bat Orendain da, eta atzo, Alegialdeko herri horretan agerraldia egin izana, kasualitatea ez zela azaldu zuten mankomunitatetik: «Orain dela lau hilabete, Orendain, lehenengo zero zabor herri bihurtu zen, eta geroztik jasotako birziklatze datuek erakutsi dutenez, bide onetik ari gara. Bilketa eredu berriak ezarriaz jarraitu dute Orexa eta Elduainek ere, eta helburu berarekin, laster Altzo ere zero zabor herri izendatzeko moduan izango gara».

Konpostaren alde jarri dituzten ekimenak ere azpimarratu nahi izan zituzten mankomunitatetik: «Modu horretan, organikoaren tratamendua herri bakoitzak bere kudeaketaren gain hartzeko urratsak ematen ari gara». Birziklapena ahalik eta kopuru altuenetara eramateko ereduak garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu ondoren, eskualdean oraindik ere pauso asko emateke dituztela onartu zuten mankomunitateko ordezkariek.

Atez ateko bilketa

Mankomunitatearen esanetan oraindik urrats asko daude emateko, eta horietako bat, edo bost, atzo iragarri zituzten: «Orain dela urtebete emandako hitza betetzera gatoz hemen gauden bost herriak; Amasa-Villabona, Zizurkil, Anoeta, Irura eta Alegiak atez ateko bilketa sistema jarriko dugu gure herrietan, ekonomia, iraunkortasuna eta ongizate irizpideei jarraiki».

Mankomunitateko eta udal ordezkarien esanetan, gaur egun ezagutzen diren bilketa sistemen artetik «eraginkorrena» eta «emaitzarik onenak ematen dituena» atez ateko hondakin bilketa sistema da: «Bost herri hauetan, gaur egun, %34 azpitik birziklatzen da, eta bosgarren edukiontziarekin ikusirik dago zenbatekoa ez dela %45etik gora igotzen. Aldiz, atez atekoarekin %80tik gora birziklatzen da». Datu hauek eskuetan, galdera bat plazaratu zuten:  «Hori guztia lortzeko aukera badugu, zergatik ez diogu ekin behar atez atekoari?».

Errauste planta zuzenean aipatu ez baldin badute ere, beste eredu baten aldeko apustua aldarrikatu dute mankomunitateko eta eskualdeko udal ordezkariek: «Pertsonen osasuna kaltetu gabe, ingurumena zaindu eta ekonomikoki merkeago izango den eredua behar dugu gure herrietan».

Herritarren konpromisoa

Hondakinak herritar guztiek sortzen dituztenez, konponbidea denen ardura dela azaldu zuten atzokoan. Atez ateko bilketak herritarren konpromisoa eta parte hartzea eskatzen dituela ere gaineratu zuten: «Martxoan zehar herri hauetan bilketa sistema berria azaldu eta ekarpenak egiteko aukera izango dugu bilera ezberdinetan. Eta hemendik dei egin nahi diegu herritarrei aktiboki parte har dezaten antolaturiko bileretan sistema denon artean egokitzeko. Denon artean eginda, alde ederra delako».

Alegia, Irura, Anoeta, Villabona eta Zizurkilen uda aurretik hasiko dira, beraz, atez-ate hondakinak biltzen. Udal ordezkarien esanetan, ordura arte dagoen denbora, «denon artean ekarpenak egin eta ahal den sistema eraginkorrena lortzeko aprobetxatu nahi dugu».

Eskualdeko bost herri horietako herritarrek aurretik duten erronka polita dela ere esan zuten. Tolosaldea zero zabor bidean dagoela aldarrikatu nahi izan zuten azkenik, eta orain arte egindako pausoek, atzo aurkeztutako urrats berriekin, jarraipena dutela esan zuten: «Denon artean lortuko dugu. Denon artean, alde ederra egingo dugu» esanaz amaitu zuten agerraldia mankomunitateko eta udaletako ordezkariek.

Komunikabideetan oihartzun handia izan du agerraldiak

Orendainen Tolosaldeko bost herritako udal ordezkariak elkartu ziren atzo, mankomunitateko arduradun nagusia buru zutela: Ainhoa Ugalde Irurako alkatea eta Tolosaldeko Zabor Mankomunitateko lehendakaria.

Prentsaren aurrean agerraldia egin zuten, eta bertan igorritako mezuak oihartzun handia izan zuen, bai sare sozialetan, eta baita komunikabide tradizionaletan ere.

Eskualdeko ohiko komunikabideekin batera, Berria eta EITBko kazetariak Orendainen izan ziren, eta arratsaldean, Espainiako EFE berri agentzia izan zen Orendainen gertatua komunikabide guztien artean zabaldu zuena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!