Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa herenegun amaitu zen. Aurtengo edizioan iaz baino bikote indartsuagoak osatu dituzte antolatzaileek; hala eta guztiz ere, txapelak lehengo lekuan gelditu dira, hau da, Unai Otañoren eta Joseba Otaegiren buruetan. Azken honen esanetan, aurkarien maila altuagoa izateak poza ere areagotu egiten du.
Azpeitian jokatu zen binakako aizkora txapelketaren finala. Alde batetik, Otaño-Otaegi plazaratu ziren lehiara, eta bestetik, Nazabal-Zubiaga. Azken bikote hau jotzen zuten askok faborito, eta azken probara eurak iritsi ziren aurretik, baina une erabakigarrian eskualdeko bi aizkolariak nagusitu ziren, ordulariari buelta emanaz. Joseba Otaegi berak onartzen du faboritoak aurkariak zirela: «Nazabal hor egonda hori beti horrela izaten da. Hala eta guztiz ere, azken probara Zubiaga nekatuago iritsi zen, eta bikotean bat nekaturik badago eta aurkariak ondo baldin badaude, azken proban bakarrik ezin da ezer egin».
Aldea kontrolpean
Finala parean hasi zen Azpeitian. Lehen ariketan Otaño eta Otaegi nagusitu ziren, baina segundo bateko aldeaz bakarrik. 45 ontzako enborra 40 kolpetan moztu zuten eskualdekoek, eta aurkariek, 41ean. Kolpeak segundo bilakatzen direnez ariketan, Otaño eta Otaegi jarri ziren aurretik. Bigarren ariketan aldea sei segundotan handitu zuten ibartarrak eta zizurkildarrak. Lehen arazoak, ordea, zutikako ariketan etorri ziren. Otañori eta Otaegiri harra atera zitzaien, eta 22 segundoko galera izan zuten probaren amaieran. Otaegiren esanetan txapelketa guztian nahiko ondo moldatu dira zutikakoan, baina herenegun ar bat atera zitzaien enborrean. Hirugarren ariketa honetan galdutakoa, bosgarrengoan berreskuratu zuten, zutikakoan eta etzandakoan. «Azken zatian Zubiaga nekatzen ari zela ikusi genuen, eta gu oraindik nahiko ondo ginen», dio zizurkildarrak.
Otaegiren sentsazioak ordularian ere oihartzuna izan zuten. Laugarren ariketan Nazabal eta Zubiaga nagusitu baldin baziren ere, aldea 21 segundora bakarrik zabaldu zuten, eta azken ariketarako hori ez zen tartea. Bosgarrenean, gainera, parean gelditu ziren bi bikoteak eta dena azken ariketan erabakiko zela argi gelditu zen. Txapelketa osoan bezala, azken proban maila izugarria erakutsi zuten Otañok eta Otaegik. Moztu beharreko zortzi enborrak 12 minutu eta 22 segundotan moztu zituzten, aurkariek baino minutu t’erdi azkarrago.
Txapelaren gakoetako bat iraupeneko ariketa honetan egon zela dio Otaegi zizurkildarrak: «Aurreko probetan bagenekien ondo moldatuko ginela, baina oker txiki batek diferentziak markatzen ditu, eta helburua azken probara euren gainean iristea zen». Txapela buruan noiz ikusi zuen galdetutakoan, Otaegik argi erantzuten du: «Bukatutakoan. Txandan alde egiten ari ginela ikusi genuen, eta horrek asko animatu gintuen».
Sei ariketa bukatu ondoren, Joseba Otaegik eta Unai Otañok minutu bat eta 13 segundoko aldea atera zien Nazabalek eta Zubiagak osatutako bikoteari.
Joseba Otaegi zizurkildarrak eta Unai Otaño ibartarrak bikote sendoa osatzen dute, eta bigarren txapela hau ez da kasualitatea izan. Urrezko aizkolarien baldintzetara egoki moldatzen dira, eta Joseba Otaegik onartzen duen bezala, «elkar ongi hartzen dugu Unaiek eta biok, beti ondo moldatu gara eta badakigu bakoitzaren lanak zeintzuk diren». Horren adibide dira txapelaren ospakizunak. Azpeitiko finala amaitu ondoren, bi aizkolariak elkarrekin joan ziren bazkaltzera, lagun eta senideekin batera.
Apirilaren 21ean, apustua
Behin binakako txapelketa amaituta, aizkolariak banakakoan pentsatzen hasiko dira, nahiz eta berri ekonomikoak ez diren hain onak azken egunotan. Joseba Otaegik, ordea, badu aurrez beste zita garrantzitsu bat: Antonio Senosiainen aurkako apustua. Desafioa apirilaren 21ean jokatuko da, eta gelditzen den hilabete t’erdia apustua buru belarri prestatzen pasako duela dio Otaegik.
Ariketaz ariketa
KOLPEKA, 45 ONTZAKOA
Otaño-Otaegi 40 s
Nazabal-Zubiaga 41 s
ERLOJUAREN AURKA
45 ONTZAKO BI ENBOR
Otaño-Otaegi 1 min 41 s
Nazabal-Zubiaga 1 min 47 s
ZUTIK 60 ONTZAKOA
Otaño-Otaegi 2 min 44 s
Nazabal-Zubiaga 2 min 22 s
BI 60 ONTZAKO
Otaño-Otaegi 3 min 36 s
Nazabal-Zubiaga 3 min 30 s
45 ONTZAKOA ZUTIK, ETA KANA ERDIKOA ETZANDA
Otaño-Otaegi 3 min 21 s
Nazabal-Zubiaga 3 min 24 s
ETZANDA LAU KANA ERDIKO ETA LAU 60 ONTZAKO
Otaño-Otaegi 12 min 22 s
Nazabal-Zubiaga 13 min 53 s
AZKEN DENBORA
Otaño-Otaegi 24 min 24 s
Nazabal-Zubiaga 25 min 37 s