Euskadiko finalera Aurrera Saiazeko hiru pilotari iritsi dira

Ataria 2013ko martxoaren 5a

Euskadiko Pilota Txapelketako finalak erabakirik daude, eta azken partida horietan, Aurrera Saiazeko hiru pilotari egongo dira: kadete mailan banaka Bidegoiango Ander Urdapilleta, eta 22 urtez azpiko mailan, binaka, Albizturko Eneko Labaka eta Anoetako Iñigo Labaka. Kadete mailako finala hilaren 8an jokatuko da Zornotzan, 19:00etatik aurrera. 22 urtez azpikoa Mungian jokatuko da, martxoaren 10ean, 11:00etan.

Finaletik kanpo Aurrera Saiazeko ondorengo bikoteak gelditu dira, finalerdietako partida galdu ostean: Larrea eta Erasun; Labaka eta Iruretagoiena, eta Artola eta Telletxea.

Txapelketa gehiago

Aurrera Saiazeko pilotariek bi partida jokatu zituzten asteburuan Udaberri Txapelketaren barruan, eta biak irabazi zituzten.

Jubeniletan, Urdapilleta-Otaegik 22-21 irabazi zuten Bergarako bikotearen aurka, eta seniorretan, Ariztimuño-Galarragak 22-13ko garaipena lortu zuten Beloki taldeko pilotarien aurka.

Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, Zugasti-Elola Aurrera Saiazeko alebinek 14-16 galdu zuten Bergarakoen aurkako partida. Txapelketa honetan garaipena infantiletan etorri zen Aurrera Saiazentzat, Arrasateko bikotea 18-14ko emaitzarekin gainditu baitzuten. Bi partidak Bidaniako pilotalekuan jokatu ziren larunbatean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!