1936an Tolosako espetxetik irten zen ‘Heriotzaren karabana’

Ataria 2013ko martxoaren 1a

Donostiako espetxeko zuzendariaren sinadura daraman dokumentu baten arabera, 1936ko azaroaren 13an, 25 lagun iritsi ziren Ondarretako espetxera Tolosatik. Ordu gutxitara, «aske» gelditu ziren, baina inoiz ez ziren etxera itzuli. Hauetako zazpiren gorpuak Berako hilerrian zeudela jakina zen, eta orain, Amasa-Villabonako Aritza Kultur Elkartea egiten ari den lanari esker, zerrenda horri bi izen gehitu behar zaizkio: Cipriano Cardenal eta Adrian Quintana billabonatarrenak.

1936ko azaro hartan Tolosa, Donostia eta Bera lotu zituen ibilbide horri, Heriotzaren karabana izena jarri dio Aritza Kultur Elkarteak: «Artxibo desberdinetako espedienteak arakatzen ari ginela, zerrenda batzuekin egin dugu topo. Eskuartean ditugun datuen arabera, 1936ko azaroaren 13an, presoen lekualdatze bat eman zen, Tolosako espetxetik Donostian kokaturiko Ondarreta espetxera. Konfirmatua dugu hurrengo egunetan 24 pertsona hauek Ondarretako kartzelatik ‘aske utziak’ izan zirela, fusilatuak izateko».

Armada frankista Amasa-Villabonara 1936ko abuztuaren 16an sartu zen. Irailaren 29an,   Daniel Arrillaga, Cipriano Cardenal, Juan Echenique, Maximino Erostarbe eta Adrian Quintana herritarrak atxilotu, eta Tolosako espetxean sartu zituzten. Aritzako kideek jakin dutenaren arabera, Cipriano Cardenalen izeba batek fidantza ordaindu, eta Cardenal bera, Arrillaga, Echenique eta Erostarbe aske utzi zituzten urriaren 9an.

1936ko azaroaren 13an, Tolosan preso zeuden hogei herritar Ondarretara eraman zituzten; bidean, Guardia Zibilak fidantzapean aske zeuden lau  billabonatarrak  atxilotu eta gainontzekoekin kamioietan sartu zituzten. Aritza elkarteko kideek argi dute: «Hiltzera eraman zituzten».

Berako hobi komunak

2012ko abenduan, Beran, frankistek fusilatutako zazpi lagunen gorpuak topatu zituen Aranzadi zientzia elkarteak egindako indusketan. Gorpuek eskuak bizkarrera lotuta zituzten. Ikerlariek jakin bazekiten bertan gorpuzkinak topatuko zituztela; izan ere, Berara, Gipuzkoan atxilo hartutako makina bat herritar eraman ohi zituzten, ondoren bertan fusilatzeko. Hobi gehiago daude hilerrian, baina Lourdes Herrasti Aranzadiko kidearen esanetan: «Oso zaila izango da bertan hilobiratutako guztien gorpuak azaleratzea eta identifikatzea». Izan ere, urteen poderioz, Berako hilerria birmoldatzen joan dira, eta fusilatuen hobi komunaren gainean, panteoi eta bestelako hilobiak eraiki dituzte. Horregatik, indusketa lanekin jarraitzea ezinezkoa da.

Frankistek eraildako herritarrei omenaldi xumea egin zitzaien 2012ko abenduan, indusketa gunean bertan. Hamabi herritarren izenak aipatu zituzten bertan, une hartan identifikatuta zituztenak horiek baitziren. Orain, Cipriano Cardenalekin

eta Adrian Quintanarekin, zerrenda horretan hamalau lagun daude.

Tolosako espetxetik Ondarretara eraman zituzten hogeita lau lagunetik bederatzi Beran lurperatu zituztela ikusita, eta guztiak hurrengo egunetan fusilatu zituztela jakinda, Aritza Kultur Elkarteko kideen ustez, pentsatzekoa da gehienak fusilatu ondoren Berako hilerrian lurperatu zituztela.

 

Cipriano Cardenal eta Adrian Quintana Berako hilerrian lurperatuak

Aritza Kultur Elkarteak jakin duenez, Cipriano Cardenal bigarren aldiz atxilotu ondoren, Ondarretako espetxetik aske utzi eta fusilatua izan zen. Cardenalen familiak jakin ahal izan zuen egun haietan Oiartzun inguruan herritar asko fusilatu zituztela. Bertara joan eta galdezka ibili ondoren, Berako hilerrira iritsi ziren. Han, hobiratzailea Cipriano Cardenal atxilotu zutenean zeraman gerriko berarekin ikusi zuten, eta horrela jakin zuten senitartekoa bertan lurperaturik zegoela. Adrian Quintanaren senideak Aritza Kultur Elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta Adrian Quintana Berako hilerrian lurperatuta zegoela baieztatu zien.

Amasa-Villabonako Udalak egia ikertzen jarraitzeko eskatu du

1936az geroztik desagertu, atxilotu, torturatu eta hobi komunetan lurperatu zituzten billabonatar guztiei aitortza publikoa egiteko konpromisoa hartu zuten Amasa-Villabonako alderdi politiko guztiek, iragan astean egin zuten osoko bilkuran: «Haien senide eta hurbilekoak jasan zuten sufrimendu, umilazioa eta kaltea onartu eta udal honek bere esku dagoen dena egiteko konpromisoa hartzen du».

Horrez gain, Amasa-Villabonako herritarrek garai horretan bizi eta sufritu zutenaren berri zehatza izan nahi dutela esan zuten udalbatzako kideek, eta horren harira, «hainbat eragile garatzen ari den ikerketa lanen dibulgazio lanarekin bat egiteko konpromisoa» hartu zuten, Aritza Kultur Elkartearen lana azpimarratuz, eta babestuz.

Martxoaren 3an, Beran omenaldia egingo dute

Berako Udalak deituta, martxoaren 3an, igandean, herri omenaldia egingo zaie frankismoaren biktimei. Ekitaldia Berako hilerrian hasiko da, 11:00etan. Bertan, lehenik eta behin hilarri bat aurkeztuko dute , eta ondoren, herri omenaldia eskainiko zaie hilerri horretan lurperatuak izan ziren guztiei, tartean eskualdeko herritarrei.

Amasa-Villabonako Aritza Kultur Elkarteko kideek Amasa-Villabonako herriari, eta oro har eskualde guztiari, omenaldian parte hartzeko deialdia egin diete. Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, dagoeneko Amasa-Villabonako Udala Berakoarekin elkarlanean ari da, aipatu ekitaldia antolatzen. Udalak bere aldetik, Aritzatik egin bezala, billabonatarrei omenaldira joateko eskatu die.

Tolosako espetxetik Ondarretara eraman zituzten presoak, 1936ko azaroaren 13an

Izen-abizenak (Bizitokia), eta Ondarretatik "aske" gelditutako data, gero fusilatuak izateko

Juan Echenique Machiarena (Villabona)            1936/11/15

Gabino Barroso Minguez (Zizurkil)                1936/11/15

Daniel Arrillaga Tolosa (Villabona)                1936/11/15

Maximo Erostarbe Bastarrica (Villabona)            1936/11/15

Adrian Quintana Ereña (Villabona)                1936/11/15

Elias Constancio Mendizabal Bengoechea (Zizurkil)        1936/11/15

Cipriano Cardenal Cortazar (Villabona)                1936/11/17

Jose Uzcudun Uzcudun (Asteasu)                1936/11/15

Jose Martinez Artazcoz (Tolosa)                1936/11/14

Lucio Gutierrez Saldias (Tolosa)                1936/11/15

Jose Vazquez Vazquez (Soraluze)                1936/11/15

Felix Goya Urbieta (Eulate, Nafarroa)                1936/11/15

Antonio Mendineta Otegui (Tolosa)                1936/11/15

Benjamin Herrero de Diego (Tolosa)                1936/11/15

Basilio Urbistondo Recarte (Tolosa)                1936/11/14

Rogelio Carrera Iraola (Tolosa)                1936/11/17

Antonio Aranguren Manterola (Asteasu)            1936/11/17

Juan Eceizabarrena Olarra (Tolosa)                1936/11/17

Damian Yugueros Zarraga (Ibarra)                1936/11/17

Pedro de Pedro Aliendre (Tolosa)                1936/11/17

Jesus Fernandez Sanchez (Quijas, Santander)

Lorenzo Zabala Rios (Tolosa)                1936/11/17

Blas Rubio Peña (Elduaien)                1936/11/17

Constantino Iglesias Ortiz (Tolosa)                1936/11/17

 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!