Igandean jokatuko dute Otaegik eta Otañok, Eusko Label txapelketako finala

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 1a, 10:14

Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan jokatuko da igandean, Binakako Eusko Label Aizkora Txapelketako finala. Bertan, bi bikotek neurtuko dituzte indarrak, eta horietako bat izango da, Zizurkilgo Joseba Otaegik eta Ibarrako Unai Otañok osatutakoa.

Iaz txapela eskuratu zuten[/caption]

Joan den urteko txapelketan, eskualdeko bikoteak lortu zuen garaipena, baina aurtengoan zaila izango omen dute balentria errepikatzea, Otañok adierazi duen moduan: «Lehengo urteko finala baino gogorragoa izatea espero dugu. Dena oso ondo egin beharko dugu garaipena eskuratzeko».

Izan ere, Floren Nazabal, etxarriar beteranoa izango dute aurrean, Jose Angel Zubiaga arabarrarekin batera. Otaegik, oso indartsu ikusten ditu biak ala biak ere: «Nazabalengatik esan beharreko guztiak esanda daude, eta Zubiaga, horren ezaguna ez bada ere, gure maila beretsuan ibili izan da beti». Otañoren ustez, «laurok geure lana egiten badugu, oso lehia estua izango da finalekoa».

Eurengan konfiantza

Aurkaria indartsu ikusten badute ere, eurengan erabateko konfiantza dute, Otaegik azaldu duenez: «Txapelketako punturik onenean helduko gara finalera. Gure aldetik, ez daukagu aitzakiarik; lan on bat egingo dugunaren erabateko konfiantza daukagu».

Txapelketak aurrera egin ahala, «hobeto sentitzen joan gara bikote bezala» argitu du Otañok, «nahiz eta hasieran nahiko xuabe hasi ginen». Orain arte jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi ditu Otaegik eta Otañok osatutako bikoak.

Gakoa amaieran

Guztira, hamasei enbor ebaki beharko ditu bikote bakoitzak, sei modalitate desberdinetan. Lanik zailenak, zutikakoan izango dituzte zizurkildarrak eta ibartarrak, nahiz eta «udako erakustaldietan eta entrenamenduetan lan asko eginda, zutikakoan ere gainerakoen pare jartzea» lortu duten, Otaegiren esanetan.

Txapelketan zehar, hasierako lan motzetan arerioari abantailarik ez ematen ahalegindu dira, eta amaierako txanda librean atera dituzte alderik handienak. Igandean, baina, «Nazabal eta Zubiaga taktika berdinarekin» aterako omen dira plazara, Otaegiren ustez.

Horregatik, «lehenengo lanetan alde egiten ez uztea, eta azken lanera ahalik eta alde txikienarekin iristea da» bikotearen helburua, Otañok jakinarazi duen moduan. Finala, igande honetan, eguerdiko 12.00etan jokatuko da.

1tolosaldean@hitza.info

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!