Joan ziren Inauteriak, baina gure artean dirau oraindik, aurre-prestakuntzan eta jai-egun horietan bertan, elkarrekin bizi izan ditugun uneek eragindako bizi-pozak. Izan ere, Laskorain ikastolaren proiektuan murgilduta gaudenok, egun horiek, aurten era desberdinez bizi izan ditugu. Inauteri-egun huts bezala ez baino, AHORA! leloak laburtzen duen KMK´13 ekitaldiaren aldeko aukera bezala. Hala, festa-giroak sortu ohi duen zalapartaren erdian, hor izan dira abian jarritako bi ekimenak: tonbola eta jatetxea. Biak ala biak, ezin esan gabe utzi, laguntzaile eta boluntario askoren ekimen, borondate eta lanari esker atera ditugu aurrera. Bihoaz hitz hauek gure eskerrik minenaren adierazletzat, nola edo hala, bi jarduera horietan partaide izan zareten guztiontzat.
Jakin badakigu horietariko zenbait bidean ahaztuta geratuko zaizkigula, barkatuko ahal diguzue! Alabaina, hona hemen ondo irabazitako eskertzea berezia ikastolaren proiektuan buru-belarri inplikatu zaretenoi:
Tolosako eta Irurako Udalei, lokala eta plataforma uzteagatik, hurrenez hurren; Garikano Toldoak enpresari, euria goien behean ari zuen horretan, estalki sendoa uzteagatik; Arramele aroztegia eta Tarte enpresetako langileei, euren ezagutza profesionala tarteko izan ezean, ezinezkoa izango zitzaigulako jatetxea abian jartzea; Ikastolako guraso, Artezkaritza Kontseiluko partaide eta ikasle eta irakasle ohiei, egungoei, eta parte hartu duzuen guztiei, ilusioa, umorea eta lana, aitzakiarik gabe, eskaintzeko gai izateagatik.
Horiek guztiak alferrik ariko ziratekeen, ordea, Tolosako herriak berak ikastolaren proiektuan inplikatzeko borondaterik izan ez balu: gure eskerrik minenak tonbolara eta tabernara hurbildu zareten guztioi, zuen partaidetzarik gabe, alferrikako bi ekimen izango ziratekeelako.
Bihotzetik AHORA!, mila esker guztioi.
Hala ere, hasi baino ez gara egin. Kilometroak 13 eguna urrutitxo geratzen zaigu oraindik, baina, AHORA! helburua beteko bada, ezin da egun bakarreko ospakizuna izan. Horrela, urte osoan zehar Tolosa eta inguruan nabarmenduko den haize-bolara izan dadin, laster izango ditugu hitzordu berriak: jasoko duzue garaiz horien berri.
Jakina, horietan guztietan laguntzaileak beharko ditugu. Baldin eta oraindik izenik eman gabe bazaudete, eta urtean zehar edota Kilometroak egunean berean esku bat bota nahi badiguzue, zoazte www.kilometroak.net gunera; bertan duzue izena emateko aukera. Guztion laguntza beharrezkoa izango dugu.
Gure berri izateko edota antolatzen ditugun ekitaldien jakinaren gainen izateko, berriz, hor dituzue abian jarri ditugun sare sozialak: Facebook kmk13tolosa, Twiter @kmk13tolosa, Flickr /kilometroak2013, eta Youtube kilometroak2013.
Gainera, kultur ekitaldiekin batera, urte guztian zabalik izango da Kilometroak denda, Korreo kalea, 7an. Bertan aurkituko dituzue salgai AHORA kanta, arropa eta gainontzeko produktu berriak. Azkenik, udaberriaren atarian gauden honetan, Lilatoirako kirol nikiak merkealdian daude eta baita neguko arropa berezia ere.
Unai Igartua. Koordinatzailea