Harri handien lau handiak

Tolosaldeko Ataria 2013ko ots. 28a, 00:11

Ez du ez erraza izan behar aparteko zerrenda batean sartzeak. Oharkabean igarotzen direnen aldean, badira dohain bereziren bat dutelako edota euren burua nahiz besteak gainditzeko grinak bultzatuta, nabarmentzen direnak. Gizakiaren baitako ezaugarrietako bat den heinean, bizitzaren hamaika esparrutan errepikatzen den argazkia da. Kirolean bereziki ematen den joera dela esan daiteke, kirolarien eguneroko esfortzuaren helburuetako bat izaten baita hori, euren izena leku pribilegiatu batean ikustea.

Harri-jasotzaileek berriki egin diote lekua kide bati, eta ondorioz, lau dira egun 300 kiloko muga gainditu dutenak: Iñaki Perurena, Mieltxo Saralegi eta Inaxio Perurena leitzarrak eta Iñaki Otaegi Gibitegi goiaztarra. Inaxio Perurenak iragan otsailaren 10ean lortu zuen 300eko mugara iritsi eta zerrenda preziatuan sartzea. Zeukan hutsune edo arantza hori bete edo kendu du, eta «pozik» dago, «lanean jarraitzeko gogoz». 300ari zenbakiak gehitzea du buruan, oraingoz, helburu jakinik gabe: «Entrenatzen jarraitzen dut egunero, eta harria pixkana gizentzen ari naiz, baina oraindik ez dut hurrengo erronka prestatu». Horretarako, etxean jasoaldi onak egin, eta konfiantza hartu behar dela dio, eta hala ere, «oso zaila izaten da».

300 kiloko helmuga

Muga horrek egun duen pisuaren errudun Iñaki Perurena, Inaxioren aita jo daiteke. Bera izan zen pisu hori altxatzen lehena: «300 kiloko kopuru hori plazaratzen zen lehendabiziko aldia zen, eta nolabaiteko eragina izan zuen. Urteak pasa dira ordutik, baina, gaur egun, oraindik 300 kilo 300 kilo dira». Harri hura altxa ostean, «ustez topera iritsita-edo», utzi egin zuen denbora batez, baina, gero «ilusioz» itzuli zen, eta bere marka 320 kiloan ezartzea lortu zuen. Marka horretaz gain beste asko ere ezarri zituen, eta harria ia mundu osora hedatu izana ere berari zor zaio.

Mieltxo Saralegi herrikideak ere oso present du 300 kiloko harria bizkar gainean berdindu zueneko unea: «Leitzako pilotalekuan altxa nuen nik ere; Inaxiok  harria jaso zuenean, alde batetik, pentsatu nuen pisu ederra kendu zuela gainetik, 300 kilo altxatzea asko kostatzen baita, eta bestetik, poza sentitu nuen, beste herritar batek marka ezarri zuelako». Gerora, 329 kiloan ezarriko zuen marka, eta egundaino ez du inork hori gainditzerik izan.

Iñaki Otaegi Gibitegi ere kopuru horiek gainditzeko abenturan murgildu zen. 300 kilora iritsi zen, eta gehiago egiten ahalegindu zen arren, bizkarrean zituen arazoek ez zieten aurrera egiten utzi. Beraz, harria uzteko «erabaki gogorra» hartu beharra izan zuen: «Nire ilusioa ahalik eta gorenera iristea zen, harri-jasotzaile guztiek bezala, baina oso mugatuta ikusi nuen nire burua». Inaxio Perurenaren altxaldia ikusita berak ere 300ekoarekin bizitu zituen emozio haiek etorri zitzaizkiola gogora dio. Marka hura ezartzeaz gain, beste hainbat ere pilatu zituen goiaztarrak.

Gorpuzkera, beharrezkoa  

Ezin esan edonoren eskura dagoen kirola denik. Hasteko gorputzaren ezaugarri zehatz batzuk eskatzen ditu: «300 kilo jasotzeko beharrezkoa da gorpuzkera bat izatea», dio Iñaki Perurenak. Halaber, «fisikoki indartsu» izateaz gain, «teknika eta norbere puntu ahulak lantzearen garrantzia» ere nabarmendu du Gibitegik. Saralegik, bestalde, «gogor entrenatzea» eta «norbere buruarekin gogorra izatea» funtsezko jotzen ditu: «Egun txarrak asko izaten dira, eta mugara iristeko edo helburuari irmo eusteko beharrezkoa da gogorra izatea zure buruarekin». Era berean, gorputzak pisu hori altxatzean duen erantzuteko moduari erreparatzen dio Inaxio Perurenak: «Batzuk ez dute ondorio larririk izaten, eta beste batzuk, berriz, segituan nabari dugu pisu handi bat altxatzearen eragina».

Azken hori litzateke harri-jasotzeak duen alderik gogorrenetakoa. Alde ederrak topatzea errazagoa da lau harri-jasotzaileentzat, kiroletik haratago, sentimendu baten moduan bizi baitute harria. «Mutikoa nintzenean, Leitzan ez zen harriarekiko zaletasun askorik, baina nik harria jaso nahi nuen, mundu hori ezagutu nahi nuen, niretzat bokazio edo pasio izugarria zen», dio Iñaki Perurenak. Urteetako esfortzuak beregan ere eragina izan zuen, eta uztear egon zen, baina azkenean, harri txikiagoekin bazen ere, jarraitzea erabaki zuen: «Harria jasoz zahartzea da nire buruari jarri nion helburua, eta momentuz horrela jarraitzen dut».

Gibitegi 19 urte zituela hasi zen, eta kirol horretan «poza eta sufrimendua» trukatzen direla aitortu du: «Harria jasotzen duzunean sentitzen duzuna probatu ez duenak ez du jakiterik. Asko gozatzen duzu, eta baita sufritu ere izaten dituzun emaitzen arabera, eta gorputzari ematen diozun egurrarengatik». Saralegik ere, bat egiten du goiaztarrarekin, eta plazara joan eta helburua betetzean sentitzen dena azpimarratu du: «Nolabaiteko saria jasotzen duzu, eta beteta sentitzen zara».

Inaxio Perurena da lauretan gazteena. Gaztetxo zela hasi zen, bost urterekin: «Bizi guztia daramadat harria jasotzen, eta ez dut imajinatzen nire bizia harririk gabe. Erakustaldirik egin gabe egon naizen tartean asko nabaritu dut hutsunea, eta konturatu naiz zenbat behar dudan harria». Bestalde, «eguneroko esfortzu eta lanaren» ostean helburua lortzean, hau da, harria altxatzean «ikaragarria» izaten dela dio.

Etorkizuneko markak

Lau harri-jasotzaile handietatik, ordea, bakarra da egun lehian jarraitzen duena. Inaxio Perurenak esana du pixkana 300eko marka hori gainditzea izango duela xede. Gibitegi-k dioenez, «Inaxiok du gaur egun marka gainditzeko aukera gehien». Laurak, baina, baikor dira, eta gazte gehiago eta marka gehiago etorriko direnaren ustea dute. Hori bai, guztiek onartzen dute «oso zaila» izango dela. Izan ere, Inaxio Perurenak azaldu duenez, «harri handiekin asko kostatzen da gorenera iristea. 300era iristea oso zaila da, eta asko bidean geratzen dira lurjota. Baina, gorpuzkeraz ezaugarri oso onak dituzten gazte asko dago, eta ateak beti daude irekita».

 

Iñaki Perurena (Leitza, 1956). 300 kiloko harria altxatzen lehen harri-jasotzailea izan zen. 1987. urtean altxa zuen, Donostiako Anoeta Belodromoan, 30 urte zituela. 320 kilotan ezarri zuen marka, 1994. urtean. Aizkolari gisa hasi zen, baina, Urtaini zion miresmenarengatik, eta bere dohain fisiko handiengatik, harri-jasotzen hasi zen. 18 urterekin hasi zen apustuetan, eta pixkana, kirol horretan nagusi izatera heldu zen, berritasunak sartuz, eta marka ugari eginez.  Harri-jasotzea irauli zuen fenomenoa dela esan daiteke.

Mieltxo Saralegi (Leitza, 1968). Harri jasotzean egundaino markarik handiena ezarria du, 329 kilo. 2001ean egin zuen jasoaldi hura Lekunberrin. Aitak herri kirolen erakustaldiak egiten zituen, eta semeak ere pixkana sartuz joan ziren. Hasieran ez zuen harriak jasotzen zaletasun handirik, baina segituan konturatu zen bere gorpuzkerari esker gauza handiak lor zitzakeela. 1992. urtean jaso zuen 300 kiloko harria. Marka handi ugari ezarriak ditu. 35 urterekin, belauneko arazoen ondorioz, harri handiak uzten hasi zen, eta harri txikietara bideratu zituen erakustaldiak.

Iñaki Otaegi ‘Gibitegi’ (Goiatz, 1958). 19 urte zituela hasi zen harri-jasotzen. 1993. urtean jaso zuen, Zizurkilen, 300 kiloko harria. Apustu bakarra jokatu zuen, Joseba Goikoetxearen aurka, Tolosan, 1986ko maiatzean. 225kiloko harri koadroarekin lehiatu ziren. Gibitegi izan zen garaile, 26 altxaldi eginez. Harri irregularretako txapelketetan aritu zen batez ere, gorpuzkera aproposa baitzuen horretarako. Harri mota hauekin garaile izan da hainbatetan.  Bizkarreko arazoen ondorioz, 300eko harria altxa eta hurrengo urtean uzteko erabakia hartu zuen.

Inaxio Perurena (Leitza, 1984). Bost urte zituela igo zen estreinakoz plazara. Bere gorpuzkera (1,95 metro eta 130 kilo) harriak altxatzeko oso egokia zela ikusi zen oso gazte zela. 18 urterekin hasi zen harri handiak altxatzen, eta esku bakarrarekin nahiz birekin marka handiak ezarri ditu. 16 urterekin 210 kiloko harria berdindu zuen bi eskurekin, eta 160koa bakarrarekin. Bere aitaren ondoren esku bakarrarekin pisu gehien igo duen harri jasotzailea da: 234 kilo. 2013ko otsailaren 10ean jaso zuen 300 kiloko harria. Pixkana zenbaki hori gainditu nahi duela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!